Koronabirusa

Orbeldi Dantza Taldea: "Animatu parte hartzera"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 1a, 08:52

Covid19 birusak hankaz gora jarri du dena. Okerrena da ez dela epe erdira atzera bueltarik sumatzen. Orbeldi Dantza Taldeak ordea, Dantza Egunari eustea erabaki du. Konfinamendua tarteko, egitaraua moldatu behar izan dute. "Hainbat ekitaldi prestatu ditugu norberak bere etxetik parte hartzeko. Aurtengoan inoiz baino gehiago eskertuko dugu zuen parte hartzea", adierazi digutenez.

NOAUA! Dantza Egunari eustea erabaki duzue. Azken momentuan hartutako erabakia dirudi, ezta?

Orbeldi Dantza Taldea. (Birusaren) Kontu hau hasi zenean, argi ikusi genuen aurtengo Dantza Eguna pentsatuta genuen bezala ospatzea ez zela posible izango. Egun hauetan honen inguruan hausnartzen egon gara, eta beste datarik ez genuen aurkitzen. Beraz, asko pentsatu eta gero, gure VIII. Dantza Eguna asteburu honetan ospatzea erabaki dugu. Egoera berezi batean bada ere, urtero bezala dantza presente egon dadin herrian, herritarren etxeetan.

 

NOAUA! Hala ere, aurtengo Dantza Eguneko ekitaldi batzuk bertan behera utzi behar izan dituzue. Galerak izango al dituzue?

Orbeldi Dantza Taldea. Esan bezala, egoera honetan ekintzak pentsatuta genituen moduan  aurrera eramatea ez zen posible. Galerak? Zorionez ekonomikoak ez, baina emozionalak bai. Hala ere, esan daiteke dantzak izaera soziala duela, kontaktuak, begiradak... Egoera honetan hori faltako dugu, baina bakoitza bere etxetik nola edo hala galera gainditzen saiatuko gara.

 

NOAUA! “Atera balkoira eta bidaliguzu bideoa” esaldia irakurri daiteke sare sozialetan zabaldu duzuen kartelean. Bideo horiekin zer egiteko asmoa duzue?

Orbeldi Dantza Taldea. Jendearen parte hartzea bultzatu nahi dugu bideo hauen bitartez, ezarritako ekintzak aurrera eramanez norberaren balkoietan edota etxeetan. Bideo hauekin ikusentzunezkoren bat prestatzeko ideia badago, baina horretarako bideoak jaso behar ditugu. Beraz badakizue, animatu parte hartzera!

 

Larunbatean, dantzaldiak eta bideo proiekzioa

Apirilaren 4an larunbata, Euskal Dantzak iragarri dituzte eguerdiko 11:30erako. “Norberak balkoietan eta etxeetan dantza egitea da ideia. Horretarako, gure sare sozialetan zabaldu dugun mezuan esteka bat ezarri dugu dantza proposamenekin”. Orbeldi Dantza Taldearen youtubeko kanalean duzue eskuragarri zerrenda hori. Egin klik esteka honetan: Dantza Eguna 2020 Usurbil. 

Arratsalderako berriz, erromeria. “Hau ere balkoi eta etxeetan izango da", 18:00etatik aurrera. "Amankomunean jartzea pixka bat zaila egingo zaigu, baina honetarako ere abesti zerrenda bat osatu dugu Spotifyn”. Hemen duzue esteka: Dantza Eguna 2020 Erromeria.

Eguna borobiltzeko, Orbeldik 2017ko Dantza Egunean eskaini zuen ikuskizuna proiektatuko dute 22:30ean Interneten. “V. Dantza Eguneko Indiana Jones eta Kaliz Sakratua ikuskizuna ikusteko aukera ezarriko dugu youtubeko gure kanalean. Orain arte frontoian ikusi duten moduan, etxean eta familia giroan ikusi eta gozatu dezaten”. Hauxe da kanalaren lotura zuzena: Orbeldi Dantza Taldea.

 

Igandean, 'Baloreak' kantaren koreografia

Igandekoa umeen eguna behar zuen izan. Bada konfinamenduan ere, halaxe izango da. Orbeldikoek esan digutenez, helduak ere dantzan jarri nahi dituzte. Baloreak izeneko abestiaren koreografia berrituko dute igandean eguerdiko 12:30ean. “Dantza Taldeko LH 5-6. mailako ikasleek asmatu zuten koreografia eta iazko Santo Tomas egunean aurkeztu genuen jendaurrean”. Orbeldi Dantza Taldekoen esanetan, “egun horretan protagonismoa haurrek izan behar zuten eta horrela izatea nahi dugu. Hala ere, etxeko guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera, bakoitzak ahal duen moduan, balkoietan nahiz etxe barruan dantza eginez”.

Lotsak alde batera utzi hortaz, “eta animatu parte hartzera, haur, gazte nahiz heldu. Ospatu dezagun guztion artean VIII. Dantza Eguna”.

Kartel honetan dituzue ekitaldien xehetasun denak: