Usurbilgo Lanbide Eskolari eman diogu aste honetako azala

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 2a, 10:06

Aktualitatea, informazio praktikoa eta entretenimendua dira NOAUA! aldizkariaren lan ildo nagusiak. Paperean zein sarean. Herritarrentzat lan egiten dugunez, zerbitzu publiko bat ere eskaintzen dugu. Covid19 birusak eragin duen egoera honen aurrean, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure zeregina. 

Azala Usurbilgo Lanbide Eskolari eskaini diogu. Maker-biserak egiten ari dira osasun arloko profesionalentzat. Irakasleak, euren inprimagailuekin eta euren etxeetan ari dira lanean. 

Eskuzabal ari den jende gehiago ere bada: Usurbil nahiz Zubietako herritar sareak, DYAkoak, Usurbilgo dendetako saltzaileak, psikologoak... Eta Udalak ere hainbat neurri hartu ditu, tartean, egoera zaurgarrian direnak babesteko. Hori dena jaso dugu aste honetako NOAUA! astekarian.

Iritzia eta hausnarketarako idatziak topatuko dituzue eta baita Ixabel Agirresaroberekin izan dugun solasaldia ere. Pazko Asterako antzerki ikastaroa iragarri zuen baina bertan behera utzi behar izan du.

'Herrira Begira' gehigarri grafikoan, Ibai Arrietak konfinamenduko irudiak batu ditu.

Entretenimendua eta umorea garrantzitsuak dira eta birusa ahazteko tarte atsegin bat eskainiko dizue Puntapaxeko sorginaren EROskopoak. 

Agendan, azkenik, Usurbilgo Artixten egitarauari egin diogu leku. 

 

Banatzaileek segurtasun neurriak jarraitu dituzte

Ez dira egun errazak izan inorentzat. Zailtasunak zailtasun, NOAUAko erredakzioan gure zereginari eutsi diogu. Osasun krisia hasi zenetik hona, astekaria agindutako datetan egin eta banatu dugu. Lerro hauen bitartez, NOAUA!ko banatzaileen inplikazioa nabarmendu nahi dugu. Etxez etxe aritzeko beharrezko baliabideak izan dituzte eskura (eskularruak, maskarila, desinfektantea) eta euren lana fin-fin egin dute. Antza inprimategiak ere ahalegin berezia egin du asteotan, NOAUA! garaiz iritsi zedin gure bulegora.

Ezohiko egoera denez, ezohiko gauzak egin behar izan ditugu. Udalberri udal buletina NOAUA!rekin batera banatu dugu.

 

Aste Santuan, aldizkaririk ez

Datozen bi asteetan ez da NOAUA!rik izango. Ohi bezala, Aste Santuan eta Pazko Astean ez dugu astekaririk plazaratzen. Dena den, sarean jarraituko dugu lanean:

Web orrialdea: noaua.eus

Facebook: https://www.facebook.com/

Twitter: https://twitter.com/noaua

Instagram: https://www.instagram.com/noauaastekaria/