Errenta aitorpena euskaraz

Autolikidazio proposamenak onartzeko epea ireki da

Autolikidazio proposamenak onartzeko epea zabalik da. Gainontzeko herritarrentzat, errenta aitorpena egiteko epea apirilaren 15ean hasiko da. Ogasun bulegoetan egiteko aukera ezabatu egin dute baina Internetez nahiz telefonoz egin daiteke.  

Apirilaren 15ean hasiko da Foru Ogasunarekin kontuak egiteko epea. Osasun larrialdiaren ondorioz, aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu dira. Telefonoz edo Internet bidez soilik egin ahal izango da errenta aitorpena. 

Autolikidazio proposamenak jasotzeko eskubidea duenak, dagoeneko kontsultatzeko modua du. Gainontzekoek telefonoz edo Internetez egin beharko dute errenta aitorpena. Bietan euskaraz egin daitezke izapideak. UEMA eta Usurbilgo Udala euskararen aldeko hautua sustatzen hasi dira, "herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian". Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua gorantz ari den arren, "errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik".

 

Autolikidazio proposamena

Martxoaren 30ean ahalbidetu zen autolikidazio proposamena ikusteko aukera. Gaur hasi da proposamenak onartzeko epea. Egiazta ezazu proposamenik jaso ote duzun eta, "hala bada, eman adostasuna urrats errazen bidez, ordenagailutik mugitu gabe". Hauxe duzu esteka: Autolikidazio proposamena 2019.

Eustatek 2017an emandako datuen arabera, euskararen ezagutza %72koa da Usurbilen. Datu hori ez dator bat, ordea, errenta aitorpenekoekin: iaz, 950 lagunek egin zuten errenta aitorpena euskaraz, eta 2.281ek gaztelaniaz. Garrantzitsua da nabarmentzea Foru Ogasunak herritarren hizkuntza hautuaren arabera bidaltzen duela autolikidazio proposamena: gaztelaniaz jaso eta aldatu nahi dutenek, errenta aitorpenaren kanpainan bertan edo urte osoan alda dezakete irizpide hori.

 

Internetez edo telefonoz

Internet modalitatearen epea apirilaren 15ean hasi eta uztailaren 29an amaituko da. Informazio gehiagorako, hauxe duzue esteka: Errenta Aitorpena 2019.

 

"Ogasunarekin euskaraz"

UEMAk eta Usurbilgo Udalak bezalaxe, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere kezka du gai honen inguruan eta lau urterako egitasmoa abiarazi du: 100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz. Horren baitan, Ogasunarekin euskaraz leloa gehituko dute aurtengo kanpainari lotutako euskarri guztietan. "UEMAk ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat eginez, lelo hori gehitu du Gipuzkoako udaletarako prestatutako euskarri denetan. Euskarri horiek egokitu dituzte gero tokian tokiko erakundeek, dagozkien mezuak eta datuak sartzeko".