Sortuz, bakardadea isolatuz

Maider Alzaga: "Txiki izatearen handitasuna azaldu nahi nuke"

Maider Alzaga moda diseinatzailea da eta bere jardueraren berri emango du gaur arratsaldean. Elkarrizketan zehar konfinamenduaz ere galdetu diogu. "Geldialdi bat izan beharrean, bultzakada bat bezala hartu beharko genukeela" adierazi digu.

NOAUA! Nolakoa izango da gaurko agerraldia? 
Maider Alzaga: Egia esan, ez dut ezer berezirik prestatu baina uste dut nire lan egiteko modua azalduko dudala pixka bat, nire estiloaz hitz egingo dudala. Batez ere puntuarekin (prenda elastikoekin) lan egiten dudala, janzki oso erosoekin eta baita ere taila handiekin, oversize janzkiak direla gehien bat.
Markaren esentziaz hitz egitea gustatuko litzaidake, baita ere slow fashion-az eta lan egiteko modu etikoak duen garrantziaz… Txiki izatearen handitasuna azaltzea ere gustatuko litzaidake.



"Nire ingurua osasuntsu dago"


NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, nola daramazu egoera hau? 
Maider Alzaga: Egia esan, bizitza perspektiba positibo batetik bizitzea gustatzen zait eta nire momentutxoak ditudan arren, nire familiaz eta etxeaz gozatzen ari naizela aitortu beharra daukat. Oraingoz nire ingurua osasuntsu dago, beraz kexatzeko arrazoirik ez daukat.

"Baliabide berriak bilatu behar izan ditut"


NOAUA! Zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?
Maider Alzaga: Okerrena, lana eten zaidala. Oraintxe udako kolekzioak loratu berritan etxean nago eta ezin inori erakutsi! Lan egiteko alternatiba batzuk bilatzen nabil. Adibidez, nire burua modelo bezala jarri eta nire senarrak telefono mugikorrarekin argazkiak atera… Nere lanean baliabide berriak bilatzera bultzatu nau konfinamenduak.
Konfinamendutik asko ikasi dezakegula iruditzen zait, ikuspegi positibotik begiratzen badiogu behintzat. Azkarregi doan sistema batean gaude eta pausatxo hau nondik gatozen eta nora goazen pentsatzeko ikaragarri ona dela uste dut, geldialdi bat izan beharrean bultzakada bat bezala hartu behar genuke.

 

Astebete ekitaldi aurretik

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Gaur Maider Alzaga diseinatzailea elkarrizketatuko dute. Bihar, Eneidak eta Enekak aerobik saio bat eskainiko dute. Asteazkenean, Mikel Alkorta trikitilariaren txanda izango da. Aroa Etxaburuak yoga saio bat egingo du apirilaren 9an osteguna; Natalik kontzertu bat eskainiko du ostiralean (hilak 10) eta aste honetako zikloa Agara Agirrek itxiko du larunbatean eskainiko duen emanaldiarekin.

Saio hauek denak sare sozial hauen bitartez jarraitu ditzakezue:  Facebook-en, Usurbilgo artixtak orrialdean eta Instagramen @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat artixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz".