Sortuz, bakardadea isolatuz

Eneida eta Eneka: "Dantza emanaldi bat egingo dugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 7a, 08:34

Eneidak zumba eta tonifikazio eskolak ematen ditu. Ariketa horiek baliatuz, dantzaldi modukoa eskainiko du Eneka alabarekin batera. "Kirol pixka bat egitea bultzatzearren", elkarrizketatxo honetan aitortu digunez. Ohi bezala, 19:00etan hasiko da zuzeneko emisioa.

NOAUA! Nolakoa izango da  eskainiko duzuen agerraldia?

Eneida: Ba kirol pixka bat egitea bultzatzearren, nire alabarekin batera dantza emanaldi bat egingo dugu; nik nire zumba eta tonifikazio klaseetan egiten ditudan ariketak baliatuz.

NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuek, nola daramazue egoera hau?

Eneida: Ba denok bezala uste dut, egunetik egunera gauza berriak egiten gehiegi ez aspertzeko, baina tira, oraingoz nahikoa ondo.

NOAUA! Zer da konfinamendutik okerren daramazuena? Eta alde onik ikusi badiozue, zein nabarmenduko zenukete?

Eneida: Okerren eramaten duguna, kalera ezin irtetea eta horrek ekartzen duena. Azken batean, ba familia eta lagunak ez ikustea eta ezin elkar ukitzea, eta baita naturarekin kontaktu hori ez izatea. Baina alde ona baduela esan dezakegu, harremanei dagokienez faltan botatze hori dela eta berriz ere lagun eta familia giroan egoterakoan liskarrak ekiditen saiatu eta dena hobeto eramaten saiatuko garela uste dugu. Eta beste puntu oso garrantzitsu bat, honek sorrarazi duen erreflexioa; sozialki, ekonomikoki eta sortu duen konszientzia hori, nolabait esatearren.

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Eneidak eta Enekak dantza eta kirola uztartzen dituen saio bat eskainiko dute gaur arratsaldean. Bihar, Mikel Alkorta trikitilariaren txanda izango da. Aroa Etxaburuak yoga saio bat egingo du ostegunean; Natalik kontzertu bat eskainiko du ostiralean (hilak 10) eta aste honetako zikloa Agara Agirrek itxiko du larunbatean eskainiko duen emanaldiarekin.

Saio hauek denak sare sozial hauen bitartez jarraitu ditzakezue: 

Facebook:Usurbilgo artixtak orrialdean.

Instagram: @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat artixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz".