Koronabirusa

Juanjo Lertxundi: "Etxean giro osasuntsu bat sortzeko gakoak ematen ditugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 8a, 08:33

“Egoera hau hobeto eramateko animo eta laguntza behar baduzu, hemen gaituzu”. Juanjo Lertxundiren Facebook orrialdeak zekarren mezua. Eta mezuarekin batera, Coach Solidarioak web orrialdearen aipamena. Konfinamendua hasi zen egunean 60 bat kide batu ziren, “jendeari laguntzeko”. Ekimenak oso harrera ona izan duela aitortu digu usurbildar psikologoak.

NOAUA! Coach Solidarioak izeneko ekimena jarri duzue martxan. Jendeari laguntza eskaintzeko xedez elkartu zarete, ezta?

Juanjo Lertxundi. Egoera berri honen aurrean, jende asko kezkatuta dago. Fokua koronabirusean jarrita daukagu, baina badira kontuan hartu behar diren elementu gehiago ere: etxeko martxa, lana, seme-alabak, bikotea, gure osasuna… Lagundu asmoz, Estatu osoko 60 bat coach (trebatzaile) batu gara. Helburua da gure kezkak zeintzuk diren detektatu eta kezka bakoitzari dagokion neurria ematea. Dena bideratzen ikas dezagun. Beste modu batean esanda, gauzak lasaiago hartzeko tresnak eman nahi ditugu, norberak bere kezkak ahalik eta ondoen kudeatu ditzan.

 

Zertan oinarritzen da zuen eskaintza?

Hasteko, bizi dugun egoerari ‘argazkia’ atera behar zaio. Denbora pixka bat dedikatu behar zaio foku bakoitzari, egun osoa koronabirusaren bueltan igaro gabe. Informatu egingo naiz, ados, baina nire arreta eta nire energia beste fokuetan ere ipiniko dut. Helburua da gauzak lasaiago hartzen ikastea eta etxean giro osasuntsu bat sortzea.

Gure etxean adibidez, eguerdian informatzen gara, eta gero deskonektatu egiten dugu. Arreta etxeko martxan ipintzen dugu. Lanean, ikastolako lanetan, etxeko martxan, aisialdian… Kirola ere egiten dugu.

 

Pertsonari entzun behar zaio lehenbizi

Coach Solidarioak ekimenak zer nolako harrera izan du?

Proiektu honekin hasi ginela hiru aste dira eta jendeak oso ondo hartu du. Taldeka antolatuta gaude, arloka. Badira lan arloan espezialduak daudenak, beste batzuk familia arloan, badira arlo pertsonalean aritzen direnak… Horrela gaude antolatuta eta, kasuaren arabera,  coach batera edo bestera bideratzen dugu.

Lehen esan dudan bezala, egoera honek gainezka egin die askori. Kasu bakoitzean, lehenbizi pertsonari entzun behar zaio. Bere lehentasunak zeintzuk diren ikusi eta horren arabera agenda moduko bat bideratu. Etxean giro osasuntsu bat sortzeko gakoak ematen dizkiegu, egoera ahal den eramangarriena izan dadin.

"Lan pertsonalizatua da. Bakoitzak egoera propioa bizi du eta beharrak ez dira denentzat igualak"

Zuen premia sentitzen duenak, zer egin beharko luke zuekin harremanetan jartzeko?

Coach denak ICC (International Coaching Community) elkartekoak gara. Interesatuta dagoenak email bat idatzi behar du gurekin harremanetan jartzeko. Idatzian bere izena eta bere egoeraren berri eman dezala. Eta datu horiekin, coach egokiarekin jarriko dugu kontaktuan. Hori da prozedura.

Behin hori eginda, Skype bidez jartzen gara harremanetan. Ordubete inguruko saioak izaten dira. Lehen saioan kontaktuan jarri, momentuko ‘argazkia’ atera eta ekintza plan bat zehazten dugu. Gero beharko balu, jarraipen bat egingo genioke.

 

Errezeta berberak ez du denentzako balio, ezta?

Lan pertsonalizatua da. Bakoitzak egoera propioa bizi du eta beharrak ez dira denentzat igualak. Nire egoera hau da, eta egoera ahalik eta ondoen eramateko zer egin dezaket? Hortan asmatu behar dugu. Eta hau pasa eta gero, ea zer nolako ikasketak ateratzen ditudan.

 

Hau ere pasako da


Gaitz honek denoi eragiten digu. Kontraesankorra dirudi, baina egoerari neurria hartzeko oso lagungarri izan daiteke premisa hori, ezta?

Ados nago. Arazo honek denoi eragiten digu. Zuri, niri, aberatsei, pobreei zuriei, beltzei… Egoera globala da. Mundu guztiarentzat berdin-berdina da. Berria da denontzat eta mundu guztiari eragiten dio.

 

Aipatu duzun argazkia ateratzerakoan, kontuan hartzeko moduko osagaia da hortaz?

Hala da. Dena den, ez dugu ahaztu behar beste kontu bat. Egoera hau, neurri batean, guk ere sortu dugula. Nire ikuspuntu pertsonaletik ari naiz orain. Eta uste dut gure ardura ere badugula honetan guztian. Dinamika ero batean bizi gara, egin egin eta egin, kontsumitu kontsumitu eta kontsumitu... Akaso jaitsi egin beharko genuke erritmoa. Egoera honek aukera ematen digu gelditzeko eta ikusteko, zertan gabiltzan arlo guztietan: eremu pertsonalean, eremu sozialean, edota naturarekin nola jokatzen ari garen.

"Birusaren kontu hau ere pasako da, dena pasatzen delako. Baina hau pasa eta gero: horrela jarraitu nahi al dut, betiko martxan? Edo zerbait aldatu nahi dut?"

 

Derrigorrez etxean geratu behar garenez, hausnartzeko tarte bat hartu beharko genuke. Birusaren kontu hau ere pasako da, dena pasatzen delako. Baina hau pasa eta gero: horrela jarraitu nahi al dut, betiko martxan? Edo zerbait aldatu nahi dut? Horretaz konturatzeko balio badu, asko hobetuko dugu maila pertsonalean eta baita maila sozialean ere.

 

Egunean eguneko eginez, denbora azkar batean pasatzen zaigu

Covid19 birusak ezohiko egoera bat ekarri du denontzat: konfinamendua. Aurretik horrelakorik bizi gabeak ginen. Psikologo nahiz coach lanean ari zareten guztientzat ere, ez da ohiko egoera izango. Zuk zure etxean eta zure etxekoekin, nola daramazu konfinamendu garai hau?

Ni goizeko 6:00etan jaikitzen naiz. 9:00etan esnatzen dira alabak eta 9:00etatik 10:00etara gosaldu eta etxea txukuntzen dugu. 10:00etatik 12:30etara ikastolako lanak egiten ditugu eta gero bazkariarekin hasten gara. Ikusten duzun moduan, eguna antolatuta dugu. Baita atseden tarteak ere. Arratsaldeko 19:00etatik 19:30era adibidez, kirol ariketak edota yogako posturak egiten ditugu.

Emazteak eta biok ere lanerako gure denbora antolaturik dugu, eta momentuz oso ondo daramagu. Egunean egunekoa eginez, denbora azkar batean pasatzen zaigu.

 

Beraz, errutina batzuk ezartzea oso garrantzitsua da.

Hala da, era horretan badakizu momentu bakoitzean zer egin behar duzun. Malgutasun pixka bat ere izaten dugu. Baina esan dizudan moduan, bat eta beste, guri egunak di-da batean joaten zaizkigu. Oso azkar. Gakoa da errutina batzuk markatzea. Lanerako ez ezik, jolaserako edota kirola egiteko tarteak ere hartu behar dira.

 

Coach Solidarioak

Harremanetarako:

coachsolidario@benpensante.com

Web orrialdea (egin klik hitzean): Coach Solidarioak 

 

Juanjo Lertxundiren web orrialdea: 

www.juanjolertxundi.com