Sortuz, bakardadea isolatuz

Mikel Alkorta: "Jendea dantzan eta kantuan jarri nahi dut"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 8a, 08:33

Iñorkiñak taldeko trikitilariak girotuko du gaur arratsaldeko zuzenekoa. "Emanaldia partehartzailea izatea nahi dut, tartean lantxoren bat bidaliko dut entzuleentzat. Ildo horretatik joango da emanaldia".

 

NOAUA! Nolakoa izango da eskainiko duzun kontzertua? 

Mikel Alkorta: Konfinamendu honetan, jendea dantzan, kantuan eta parte hartzen jarri nahi dut. Emanaldia parte hartzailea izatea nahi dut, tartean lantxoren bat bidaliko dut entzuleentzat. Ildo horretatik joango da emanaldia.

 

"Etxeko goxotasunaz gehiago gozatzeko aukera daukagu"

NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, nola daramazu egoera hau? 

Mikel Alkorta: Konfinamendua ongi daramat, izan ere lanik ez zait falta etxean egiteko. Okerren daramadana, askatasunez kalera ezin irtetea. Eta horrez gain, kontzertuak bertan behera geratzen ari direla ikusteak pena ematen du. Ea lehen bait lehen ematen diogun buelta honi.
Alde positiboa badauka egoera honek, etxeko goxotasunaz gehiago gozatzeko aukera daukagula, izan ere gure bizimodua kalean egitera ohituta gaude.

NOAUA! Sortzeko denbora gehiago dago orain. Dagoeneko kantaren bat sortzeko aukera izan al duzu?
Mikel Alkorta: Horrelako egoeretan denbora libre gehiago dugunez, lanean ari naiz eta bai, armairura kanturen bat edo beste sartu da.

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Zuzeneko saio hauek denak sare sozial hauen bitartez jarraitu ditzakezue:  Facebook-en, Usurbilgo artixtak orrialdean eta Instagramen @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat artixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz".