Sortuz, bakardadea isolatuz

Aroa Etxeburua: "Ilusio handia egiten dit nire herritarrekin yoga konpartitzeak"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 9a, 09:27

Aroa Etxeburuak yoga saio bat eskainiko du gaur arratsaldean. "Gure energia eta bibrazioa igotzeko saio bat izango da, bizitzen ari garen egoera berezi honetara egokitua".

NOAUA! Nolakoa izango da eskainiko duzun agerraldia?

Aroa Etxeburua. Yogako klase bat eskainiko dut. Egia esan, ilusio handia egiten dit nire herritarrekin yoga konpartitzeak! Besterik gabe, niretzat hain erabilgarria eta osasuntsua den tresna hau komunitate honekin elkarbanatzeak poztu egiten nau. Gure energia eta bibrazioa igotzeko saio bat izango da, bizitzen ari garen egoera berezi honetara egokitua.

Edonork praktikatu dezan moldatzen saiatuko naiz aukera ezberdinak emanez, beraz, hemendik guztiok gonbidatzen zaituztet saio honetara. Yoga praktikatzeko ez da beharrezkoa, gaztea, elastikoa edota argala izatea. Presentzia besterik ez da behar, eta hori, guztiok daukagu.

 

"Orokorrean ondo nago, barrura begira"

NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, nola daramazu egoera hau?

Aroa Etxeburua. Pentsatzen dut guztiok bezala, gorabeherekin. Batzuetan begiak itxita dantzan jarduten naiz musika topera eta beste batzuetan begiak itxita negar egiteko gogoa ere jartzen zait. Uste dut garrantzitsua dela gure emozioak zaintzea egun hauetan eta askatzea, guri lagungarria zaigun edozein modutara (negarra, mugimendua, idazketa, artea…).

Orokorrean ondo nagoela esango nuke, nahiko barrura begira.

 

NOAUA! Zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?

Aroa Etxeburua. Okerren dudarik gabe lagunen besarkadak eta kontaktu fisikoa. Natura izango litzateke bigarrena baina, zorionez, natura zatitxo batez goza dezaket nire etxearen kanpokaldean.

Onena kulerorik gabe bizi ahal izatea, kar kar kar. Ez dut erromantizatu nahi konfinatuta egotearen ideia, pertsona asko egoera latzak bizitzen ari direlako eta ni pribilegiatua sentitzen naiz. Eta leku honetatik, noski, ikusten dizkiot gauza onak. Sentitzen dut komunitate sentimendua areagotu egin dela egunotan esaterako, bizilagunekin harremanak, begirada konplizeagoak eta elkar zaintzeko borondatea. Barrura begira jarri gaituela birusak eta hori aprobetxatuko bagenu berreskura ditzakegula bizi garen (edo ginen, nork daki) mundu kapitalista eta kontsumista honen erritmo azkar horretan bizirauteagatik ahaztuak genituen zenbait altxor.

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Emanaldia sare sozial hauen bitartez jarraitu dezakezue:  Facebook-en, Usurbilgo artixtak orrialdean eta Instagramen @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat artixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz".