Gaur zabalduko da errenta aitorpena egiteko epea

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 15a, 08:41

Konfinamenduaren eraginez, egunotan soilik telefonoz edo Internet bidez egin ahal izango da. Aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri dute martxan Usurbilgo Udalak eta UEMAk. 

Autolikidazio proposamenak jaso zituztenek apirilaren 6tik dute proposamena onartu edo atzera botatzeko aukera. 

Aurrez aurreko aukera bertan behera utzi dute, mekanizatua delakoa. Telefonoz edo Internet bidez soilik egin ahal izango da aitorpena. Hala ere, "UEMAk, hainbat udalek eta erakunde publikok, dena den, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainari eustea erabaki dute, herritarren eta administrazioaren arteko harremanak euskaraz izan daitezen". 

Errenta aitorpena Internet bidez egiteko epea gaur hasi eta uztailaren 29an amaituko da. Informazio gehiagorako, hauxe duzue esteka: Errenta Aitorpena 2019.

Autolikidazio proposamenak jasotzeko eskubidea duenak, ordea, apirilaren 6tik berau kontsultatu eta onartzeko modua du: Errenta Aitorpena 2019.

 

Iaz 950 usurbildarrek egin zuten euskaraz

Eustatek 2017an emandako datuen arabera, euskararen ezagutza %72koa da Usurbilen. Datu hori ez dator bat, ordea, errenta aitorpenekoekin: iaz, 950 lagunek egin zuten errenta aitorpena euskaraz, eta 2.281ek gaztelaniaz. "Garrantzitsua da nabarmentzea Foru Ogasunak herritarren hizkuntza hautuaren arabera bidaltzen duela autolikidazio proposamena: gaztelaniaz jaso eta aldatu nahi dutenek, errenta aitorpenaren kanpainan bertan edo urte osoan alda dezakete irizpide hori".

 

'Ogasunarekin euskaraz' kanpaina

Uemak eta Usurbilgo Udalak bezalaxe, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere kezka du gai honen inguruan eta lau urterako egitasmoa abiarazi du: 100.000 zergadun ogasunarekin euskaraz. Horren baitan, Ogasunarekin euskaraz leloa gehituko dute aurtengo kanpainari lotutako euskarri guztietan. "Uemak ere, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bat eginez, lelo hori gehitu du Gipuzkoako udaletarako prestatutako euskarri denetan. Euskarri horiek egokitu dituzte gero tokian tokiko erakundeek, dagozkien mezuak eta datuak sartzeko".

Horretarako, dokumentu bat prestatu dute, herritarrek euren hizkuntza hautua euskararen alde egiteko moduen berri emateko. Hauxe da:

 

Nola egin Foru Ogasunarekiko euskarazko hizkuntza hautua:

Errenta kanpainaren barruan. Ogasunarekiko harreman hizkuntza euskara hautatzeaz eta aitorpena bera euskaraz betetzeaz gain, aukera interesgarria da norberaren dautak Aldundiari lagatzea baimentzea, Diputazio osoarekiko harreman hizkuntza euskara izan dadin.

  • Errenta mekanizatuko bulegoan. Zergadunak bere euskarazko hautua adierazi behar dio langile publikoari ( konfinamenduarengatik, aukera hau baliogabetuta dago orain).
  • Interneteko Zergabidea plataforman. Errenta aitorpena betetzean, hizkuntza aukera egiten da: Datu pertsonalak } Administrazioarekin harremana izateko hizkuntza } euskara.
  • Gestorian. Zergadunak bere euskarazko hautua adierazi behar dio gestoari.

Urte osoan zehar. Pertsona fisikoen 030 eredua (edo pertsona juridikoen 036 eredua) betetzean, euskarazko hautua markatzen da harreman hizkuntza moduan. 030 eredua Ogasuneko edozein bulegotan aurkeztu daiteke, edo Aldundiaren erregistro zentralean (Donostian, Gipuzkoa plazan). Era berean, Interneteko Gipuzkoataria plataforman ere harreman hizkuntza aukeratu daiteke,  "Ogasuna eta Finantzak } Harremanetan jartzeko Ogasuneko datuak" atalean.

Aintzat hartzekoa da Foru Ogasunak autolikidazio proposamena herritarraren hizkuntza hautuaren arabera bidaltzen duela.