Koronabirusa

Ibon Alberdi: "Aste Santua ospatuko dugu bai, era ezberdinean bada ere"

Ezkerrean, Ibon Alberdi Usurbil eta Aginagako apaiza.

Martxoaren erdialdetik hona ez da ospakizunik egiten elizetan. Gauza bera gertatuko da Aste Santuko hitzorduekin ere. "Konfinamendua dela garrantzitsuena ulertu dugu eta horren arabera jokatu", Ibon Alberdi apaizak adierazi digunez. "Erabaki honek aldaketa asko ekarri ditu: Parrokiako Pastoral urtea bukatutzat ematea, Katekesi jaia maiatzetik urriaren 25era atzeratzea…". 

NOAUA! Ospakizun eta ekintza guztiak bertan behera utzi behar izan dituzue, Aste Santukoak barne. Eliztarrentzat ez dira egun errazak izango ezta?

Ibon Alberdi. Bai, horrela da. Ez dugu gustukoa izan ekintzak bertan behera utzi behar izana, baina gauzak nola dauden ikusita egin genezakeen onena dela baloratu genuen, nahiz eta horrek ia dena atzeratzea dakarren. Gure lehentasuna birkokatu dugu. Etxean egotea edo konfinamendua dela garrantzitsuena ulertu dugu eta horren arabera jokatu. Gizarte osoak birkokatu ditu bere ekintza guztiak. Andatzazpi Pastoral Barrutiak (Usurbil, Agiña eta Lasarte-Oriako parrokiak) martxoaren 12an itxi zituen bere elizak eta pastoral guneak. Horrek martxan genuen guztia atzeratzea suposatzen bazuen ere, eta, egoera ikusirik, ez genuen ekintzei berriro heltzeko egunik aurreikusi. Erabaki honek aldaketa asko ekarri ditu: Parrokiako Pastoral urtea bukatutzat ematea, Katekesi jaia maiatzetik urriaren 25era atzeratzea…. Gainerakoek bezala, gauza asko mugitu behar izan ditugu eta egoera berrira egokitu. Esan bezala, egin behar genuena egin dugulakoan gaude.

"Konfinamendu honek, pazko bidean, elkartasun bidean, neurririk gabeko maitasunaren bidean, guztion gizarteratze bidean, guztion duintasuna aitortzeko bidean jar gaitzala"

NOAUA! Telebistan eta irratian jarraitu ditzakete ospakizunak ezta? 

Ibon Alberdi. Alabaina, bizitzak jarraitzen du, konfinamendu-egoeran bada ere. Eta, jakina, kristauon fede-bizitzan ospakizunak, horien artean Aste Santua, garrantzia handia duena, ospatuko dugu bai, era ezberdinean bada ere.

Badakigu elkartzeak berekin duen garrantzia, egun hauetan ari gara konturatzen guztiok horretaz; elkar ikustea, elkarrekin hiz egitea, elkartean ospatzea, bizitza elkar banatzea… Era batera edo bestera, elkarteko pertsonak gara. Oraingo honetan, ezingo dugunez aurrez aurre elkartu, konfinamenduan ospatuko dugu gure Pazko Hirurrena. Horretarako, aurten, lehen ere hor bazeuden ere, telebista, irratia eta sare sozialak izango ditugu lagungarri bereziki.

Nik, Vatikanoko ospakizunekin egingo dut bat aurten. Bi dira horretarako arrazoi nagusiak: Lehena, eliza katolikoaren elkartasunaren ezaugarri dela Aita Santua, eta aurten berarekin bat egiteko aukera dudala, konfinamendua medio ezin dudalako nik bertako elkartearekin ospatu, eta, bigarrena, munduak bizi duen egoera larri honen aurrean, Covid-19 koronabirusa adierazle bat da, geure esku dagoena egitera eta munduaz zein lagun hurkoaz arduratzera dei egiten duenetako bat dela iruditzen zaidalako, eta, hori gainera, oinak lurrean izanik eta esperantzarekin.

Hau esan ondoren, egokia iruditzen zait Aste Santuko Pazko Hirurreneko ospakizunetako muina zein den adieraztea, labur bada ere, horren berri izateak ospakizunak zentzu handiagoz bizitzera emango gaituelakoan, eta, ondoren, ospatu duguna bizitzara eramaten lagunduko.

Ostegun Santuan, elkarte-maitasuna ospatzen dugu. Egon honetan kristau-maitasun unibertsala ospatzen dugu, maitasun hori hedatzera gonbita luzatzen dizuet, aurrez aurre ezin dugunez, deiak eginez edota mezuak igorriz adierazteko aukera izango dugu. Horretara gonbidatzen dizuet guztioi, telefonoz bestalde bada zure deiaren zain dagoenik.

Ostiral Santuan, Jesusen Gurutziltzatzea eta Heriotza gogoratzen dugu. Aita-Amaren nahia betetzeagatik eta bere buruarekin leial izateagatik gurutziltzatu eta hil zuten Nazareteko Jesus. Ezin dugu gurutzeko heriotza eta Jesusen bizitza bereiztu. Beharrean zegoenari lagunduz eta ikusten zuen injustizia salatuz bizi zelako hil zuten. Gogoan izan ditzagun okerren daudenak eta izan gaitezen solidario beharrean dagoenarekin, neurririk gabeko emankortasuna adieraziz.

Larunbat Santua, Pazkoa, Piztuera. Gau berezi honetan Bizia ospatzen dugu, ez heriotza. Hau da kristauontzat ospakizunik ederrena. Egun honetan, pertsona orok Jainko Aita-Amaren seme-alaba izateagatik duen berezko duintasunaz jabetzera eta ororekin harrera oneko eta abegikor izatera gonbidatzen zaituztet: bidezkoa duten gizarteratzea lortzeko giroa sortzea, beraiekin bat egitea… Zoritxarrez, pertsona askori ez zaie erraza izango bizitza duintasunez bizitzea, hainbat baldintza medio, behar-beharrezko dutena falta zaielako. Hor egon behar dugu eta indar egin baldintzak hobetzeko.

 

"Oso gogorra da ezin agurtzea nahi bezala maite dugun pertsona"

NOAUA! Hileta elizkizunak debekatu egin dira. Oso gogorra behar du izan, etxeko bat hil eta ezin agurtzea ezta? Usurbilen eman al da horrelako kasurik?

Ibon Alberdi. Errealitate oso gogorra da bai, ezin agurtzea nahi bezala maite dugun pertsona. Badakit, elkarrizketa hau egin aurretik, Usurbilen pertsona bat hil dela, kristau-elkarte honen gertutasun guztia bere senide eta gertukoei. Irudikatu hildakoak biziko zuen egoera, bere azken ordua izan daitekeela jakin eta ezin bere barrua inorekin hustu, berak bakardadean pasa behar une latz hauek, ezin agurtu behar bezala maite dituenak, ezin dolua arintzen lagun dezakeen elkartzea gauzatu, azken hatsa soseguz emateko zailtasun gehigarriak giza maitasuna nahi eta behar bezalakoa ezin duelako izan; hau da, berak bere baitan, dituen giza baloreen eta duen fedearen baitan aurkitu behar sosegu hori… Bestalde, hildakoaren senide eta lagunak, hauek ere ezin nahi eta behar bezala agurtu senide maitea. Esan bezala, ez azken unean, ezta ospakizunean ezta lur emateko unean ere. Agurra egin daiteke, baina oso neurtua dago. Hiru senitarteko eta agurra zuzentzen duena baino ezin dute egon une horretan. Ezin da nahi bezala egin, edozein dela ere beraien sinesmena. Honek guztiak, jakina, azkoz gogorrago bihurtzen du berez nahikoa gogorra den agurra eta dolua zailtzen du.

 

"Arduratu behar gaituena da beharrean dagoen pertsona"

NOAUA! Konfinamendua hasi zenean, herritar sare bat osatu zen Usurbilen. Elkartasun hori nabarmentzekoa izango da, asko izango baitira premian daudenak.

Ibon Alberdi. Lehen esan dudan bezala, Andatzazpi Pastoral Barrutiak bere pastoral ekintza guztiak martxoaren 12an atzeratu zituen epe-mugarik jarri gabe. Martxoaren 14an, kristau-elkarteak, konturaturik egon bazeudela zailtasunak zituzten pertsonak barrutian (adinekoak, zailtasun ekonomikoak, gaixoak eta abar) baldintzarik gabeko telefono-laguntza ezarri zuen martxan (943 361 239). Martxoaren 15ean udalak herritar sarea ekimena plazaratu zuen, orduan, ikusirik laguntza bermatua zegoela, laguntzeko prest zeudenei udaletxeko zerbitzuetara jotzeko deia luzatu genien. Martxoaren 23an Caritas, Eusko Jaurlaritza eta elkarte ezberdinak elkarturik herritarren sarea zabaldu zuten, bertan ere izena eman genuen hainbatek era pertsonalean.

Nire iritziz, arazoa ez da eskaintzaren protagonismoa nork duen, arduratu behar gaituena beharrean dagoen pertsona da, ez instituzioaren edo elkarte ezberdinen protagonismoa.

Noski, pertsona asko dago beharrean: 

-Etxerik edo egoitzarik ez eta kalean bizi direnak. Beraiek gogoan izanik, larrialdi egoera hau gertatu aurretik, Andatzazpi Pastoral Barrutiak bere instalazioak eskaini zizkien instituzioei, orain ere, jakina, hor daude eskura. Foru Aldundiak, elkarte ezberdinekin prestatu ditu bertaratu eta bertan egon daitezkeen guneak. Hemendik aurrera agian ez dira “kalean bizi diren” pertsona anonimoak izango (200 bat Donostialdean), Covid-19ari esker, identifikatu ahal izan baitira eta jadanik izen-abizenak dituzte, nahiz eta oraindik kalean bizi. Ea horrek egoeraz jabetzen eta irteerak planteatzera eramaten gaituen. Hala bedi.

-Erroldatuak ez daudenak, “ilegalak”, laguntza ofizialik eskatzerik ez dutenak. Hauek dira, batez ere, gure gertutasuna, laguntza eta gizarteratzea behar dutenak. Baztertuak direnak, gizarteratu ditzagula guztion artean. Beraien duintasuna aitortua izan dadila, ez hitzez bakarrik, baita ekintzen bidez ere.

Argazkia: Txintxarri.