ABERRI EGUNA

Eguerdiko 12:30ean minutuko isilunea gordeko da, "hurbilekoak galdu dituztenen omenez"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 11a, 09:58

EH Bilduk eta EAJ-PNVk adierazpen instituzional bat plazaratu dute gaur. Etxeetako balkoitan ikurrinak jartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Hala nola, "beste zenbait eragilek Aberri Egunerako deitutako ekimenetan parte hartzera" deitu dituzte. Azkenik, minutuko isilunea egiteko proposamena luzatu dute. Eguerdiko 12:30ean egingo da isilunea, "hurbilekoak galdu dituzten eta nahi bezala agurtu ezin izan dituzten familien doluarekin bat egiteko". PSE-EE kritiko agertu da adierazpenarekin.

Usurbilgo Udalak gaur eman du akordioaren berri: EH Bildu eta EAJ alderdiek elkarlanean aritzeko garaia dela aldarrikatu dute. Covid19 birusak hildakoen senitartekoei doluminak helarazi eta osasun eta zaintza arloko langileei eskerrak eman nahi dizkiete. Igandean, Aberri Egunean, Udaletxeko ikurrina masta erdian jarriko dute eta minutu bateko isilunea egitera deitu dute. Hauxe da, hitzez hitz, adostu duten idatzia:

Aberri Eguna 2020

Usurbilgo Udalaren adierazpen instituzionala 

Igandean ospatuko dugun Aberri Eguna egoera oso berezian datorkigu, izan ere, konfinamendu betean aurkitzen da euskal jendartea, eta, dagoeneko, Euskal Herriaren luze zabalean bere arrastorik gordinena utzi du gaitz honek: mila herritar inguru zendu dira, gaitzak jota daude milaka herritar, eta beste milaka herritarrek euren lanpostua arriskuan dute. Halaber, osasun krisi honen ondorioz, gure herriko egitura ekonomikoa gogor kolpatzen ari da. Mundu mailako krisi humanitario honek, ondorio sanitarioez gain, aurreikusi ezin ditugun beste hainbat ondorio ere eragingo ditu beste hainbat alorretan, besteak beste, gure bizimodu eta ohituretan. Edonola ere, espero dugu politikaren alorrean orain arteko egiteko moduetan ere aldaketak eragitea.

Ama lurraren jasangarritasuna eta gizaki ororen duintasuna eta zoriontasuna mundu mailako lehentasun bilakatzea espero dugu, baita gure aberriarentzat ere. Inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriaren aitortza defendatzen dugunon aldetik hausnartzea oraindik aitortu gabeko herri txiki honek munduan jokatuko duen papera zein izan behar duen: nazio aitortza ez da soilik esparru politikoan gauzatu beharreko helburua, izan ere, nazio izaera gero eta gehiago lotzen da komunitatearen garapenarekin eta haren jasangarritasunarekin, autoeraketa eta dinamika sozial eraldatzaileen arteko lankidetzarekin, nortasuna eta aniztasuna bateratzearekin. Oinarrizko eskubideak bermatzea, pertsonen arteko berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen dituen komunitatea da nazio eraikuntzaren oinarria. Horregatik, oinarrizko eskubideen bermea, pertsonen arteko berdintasuna eta elkarrenganako errespetua sustatzen dituen komunitatea aldarrikatu nahi dugu 2020ko Aberri Egun berezi honetan.

Erabaki guneak erabakiak gauzatu behar diren lurraldeetatik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta eraginkortasun handiagoz erantzungo zaie egoera zailenei. Zer izan nahi dugun erabaki nahi dugu, alboko herrialdeekin zer-nolako harremanak izan nahi ditugun erabaki nahi dugu, bai eta krisi honetatik nola atera eta utziko dituen ondorio lazgarriei erantzuteko ahalmen politikoa izan nahi dugu. Herri honek badu horretarako nahikoa sen demokratiko.

Osasun krisia amaitu amaituko da, bidean heriotza asko eraginda, tamalez. Krisia amaitutakoan, egoera sozial eta ekonomiko latzari aurre egin beharko diogu, eta egoera horrek eskatuko dizkigu abertzaletasuna eta ahalegina. Herri plan erraldoi bat jarri beharko dugu abian, krisi honek familietan, enpleguan eta enpresen jardueran dituen ondorio izugarriak arintzeko.

Elkarlanean aritzeko garaia da: batera eta auzolanean. Norabide horretan, pasarte ilun hau atzean utzi eta gure herriarentzat eta herritarrentzat etorkizun hobeagoa lortzeko prestutasun osoa dugu. Horregatik, Aberri Egun honetan eta egoerak eskaintzen dituen aukera urriak profitatuaz,

Usurbilgo Udalak, honako hau adierazten du:

I.- Doluminak helarazten dizkie senitartekoen artean edota lagunartean galera pertsonalak izan dituzten herritarrei.

II.- Esker hitzak baino ez ditu osasun eta zaintza arloko langileentzat eta egoera honetan beren onena ematen ari diren herritar guztientzat.

III.- Udaletxe aurreko ikurrina masta erdian jarriko du.

Halaber, dei egiten die herritarrei:

I.- Eguerdiko 12:30ean minutu bateko isilunea egitera eta hurbilekoak galdu dituzten eta nahi bezala agurtu ezin izan dituzten familiekin dolua partekatzera.

II.- Ikurrinak jartzera etxeetako balkoietan.

III.- Eta beste zenbait eragilek Aberri Egunerako deitutako ekimenetan parte hartzera.

EH Bildu Usurbil eta EAJ-PNV Usurbil.

 

PSE-EE-k planteamendu ideologikoak baztertzeko eskatu du 

Usurbilgo PSE-EEk kritikatu egin du akordioa eta herrian dagoen batasuna ez apurtzeko eskatu dio EHBilduri. Planteamendu ideologikoak baztertu eta #Covid19-ko biktimen aldeko elkartasun adierazpen bat lantzeko eskatu dio Francisco Suárez zinegotzi sozialistak EHBilduri.

Alderdi sozialistak prentsa ohar bidez jakinarazi du bere iritzia. Lehenik, elkartasuna azaldu die #Covid19-ko biktimei eta euren senideei. Txalo handi bat eskaini nahi die "osasun arloko profesionalei, saltokietako langileei, garraio publikoko gidariei eta taxistei, garbitzaileei, baserritarrei, arrantzaleei eta abar luze bati" egiten ari diren ahaleginarengatik. Hala nola, "Usurbilgo herritarrei, etxeetan konfinatuta daudelako euren eta denon hobebeharrez, eta gure txalorik sentituena merezi dute".

Aurrekaririk gabeko egoera honen aurrean, Francisco Suárez zinegotzi sozialistak uste du modu leialean lan egiteko garaia dela, "batasuna erakutsiz". Zoritxarrez dio, "EHBilduren udal gobernuak adierazpen instituzional bat idatzi du, Aberri Eguna ospatuz eta #Covid19-ko biktimei doluminak agertuz".  Eskubiak eta muturreko eskubiak "hildakoen inguruan egiten duten erabileraren aurrean eskandalizatzen garen moduan, EHBilduri hau esan beharrean gaude, horrela ez".

Usurbilen dagoen batasuna ez apurtzeko eta adierazpen instituzional berri bat egitea eskatu dio PSE-EEk EHBilduri, "#Covid-19ko biktimen alde eta planteamendu ideologikoetatik urrun; egoera honetan planteamendu horiek ez dutelako inolako zentzurik". Horretaz gain, pandemia amaitu arte ikurrina masta erdian jartzea eskatu du alderdi sozialistak. "Egun hobeak iristean, eta iritsiko dira, ez gara denok egongo eta hori izango da aurrez aurre izango dugun zauririk handiena. Une horretan gure herritarrek epaituko gaituzte; bateratu eta konfiantza erakusteko garaian ea batzuk ez ote zuten zatiketa aukeratu".