Koronabirusa

Michelinen bihar bueltatuko dira lanera

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 13a, 12:50

Michelinek Usurbilen eta Gasteizen dituen fabrikak lanera itzuliko dira aste honetan. LAB sindikatuak salatu duenez, aldebakarreko erabakia izan da. Dena den, enpresa zuzendaritzak gainontzeko sindikatuen oniritzia jaso du.

Covid19 birusak eraginda, hainbat astez itxita egon dira eskualdeko enpresa ugari. Biharko egunez ordea, Michelin lanera itzuliko da. Enpresa zuzendaritzak segurtasun protokoloak ezarri ditu baina LAB kezkatuta dago ezarpena egin den moduagatik eta zalantzak ditu protokoloaren balizko eraginkortasunarekin. “Ez gaude protokoloaren zenbait punturekin ados”, hala dio LAB sindikatuaren prentsa-oharrak. Pertsona zaurgarrien zaintzari dagokion puntuarekin eta balizko kutsatzeen aurrean ezarritako neurriekin kritiko agertu da sindikatua.

 

“Irabazi ekonomikoak osasunaren gainetik

LABen esanetan, “Michelingo enpresa zuzendaritzak berriro erakutsi du bere interes ekonomikoak lehenesten dituela, langileen osasuna, euren familiena eta gizarte osoarenaren gainetik”.

 

Gainontzeko sindikatuen oneritzia du enpresak

Usurbil eta Lasarte-Oriako lantegiari dagokionez, LABek “bere harridura eta desadostasuna erakutsi nahi du”. Ekoizpenari berriro ekingo zaio apirilaren 14an, “lan-egutegian hilaren 14, 15 eta 16a ixteko egunak zirenean”. Enpresa zuzendaritzak ordea, egun horietan lantegia martxan jartzea erabaki du eta proposamenak “CCOO, CSI eta UGTren oneritzia jaso du. ELA abstenitu egin da eta LABek soilik eman du kontrako botoa. Ez dugu ulertzen sindikatuak izatea produkziora bueltatzea azkartu behar dutenak, noiz eta osasun alerta egoeran gauden honetan”.