Sagardo Egunik gabeko urtea izango da

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 15a, 16:17

Aurten ez da sagardo egunik ospatuko. Sagardoaren Lagunak elkarteak gaur eman du erabakiaren berri. "Datorren urtean itzuliko gara eta kolosala izango da", adierazi dute prentsa-ohar bidez. Covid19 birusak eragindako egoeraren aurrean, ez da ospakizun publikorik antolatzeko modurik. Ezta girorik ere.

Gaur goizean ondoko agiria zabaldu dute sare sozialen bitartez: "Tamalez egun bizitzen ari garen egoera zail honen aurrean, nahiz eta denbora pasatzen utzi dugun ea guztia lasaitu eta hobetuko ote zen esperantzaz, hainbat buelta eman ondoren, aurtengo Usurbilgo Sagardo Eguna bertan behera uztea erabaki dugu.

Gizartea orohar ez da egoera samurra bizitzen ari, gauzak hobetuz doazen arren oraindik ere asko geratzen da guztia amaitzeko, baina ez ahaztu ekaitz guztien ostean barealdia etortzen dela eta esku zabalik hartuko dugula!

Bitartean gera gaitezen etxean eta goazen guztion artean borroka hau irabaztera!

Datorren urtean itzuliko gara eta bai, kolosala izango da!

Besarkada bero bat,

Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak. Usurbilen, 2020ko apirilaren 15ean.