Koronabirusa

Elkar lagundu eta babesteko zapi koadrodunak jartzeko deia balkoi eta leihoetan

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 16a, 10:13

Kale eta auzoak elkar laguntzeko gune seguruetan bilakatu behar ditugula dio Herritarren Babes Sareak, bereziki konfinamendu honetan egoera zaurgarrienean diren herritarrentzat. Herritarren salaketa edota polizia erasoetatik babestu eta bakoitzaren beharrak aintzakotzat hartuko dituen espazo seguruetan bilakatu behar ditugu kale eta auzoak, hau ere "komunitatearen osasuna zaintzea" baita, denon ardura, Herritarren Babes Sarearen esanetan. Bizileku seguruak eratzeko konpromiso gisa, koadrodun zapia, baserritar jantziekin lepoaren bueltan eraman ohi duguna leiho eta balkoietan zintzilikatzeko deia egin dute.

Komunitatearen osasuna zaintzeko modu bat hau ere badelako, kale eta auzoak bizilagunen epaiketarik edota polizia erasorik gabeko espazio seguruetan bilakatzeko deia egin du Herritarren Babes Sareak. Herritar bakoitzaren beharrak aintzakotzat hartuko dituen bizileku seguruak eratzeko konpromisoa agertzera deitu dute ekimen sinboliko berri honekin; "zure etxeko leihoetan baserritar zapi bat zintzilikatzeko gonbidapena luzatzen dizugu". 

Herritarren Babes Sareak gogorarazten duenez, konfinamendu egoera honek forma ezberdin bat hartu du etxe bakoitzean. "Kontziliatu ezinean ari garen familiak, internet konexioarekin arazoak izan eta etxetik lanik egin ezinean gabiltzanak, bakardadean gaudenak, arazo ekonomikoekin… Bai eta adikzioekin, osasun mentaleko arazoekin, bortxazko harremanekin, edo bestelako egoerekin konfinatuta gauden pertsonak ere".

Birusak beldurrarekin batera, polizien mehatxuak eta herritarren salaketak hedatu ditu Herritarren Babes Sarearen esanetan. Horregatik, "bakoitzaren beharrak ulertu eta elkar laguntzeko espazio bihurtu behar ditugu kale eta auzoak. Beharra duten horientzat, espazio seguruak sortuz, bizilagunen arteko eraso eta epairik gabekoak eta  eraso polizialen aurrean bizilagunon arteko babesa eskainiz".

Herritarren Babes Sareak ohar bidez, eskerrak eman nahi dizkie usurbildarrei, "osatu dugun sareagatik". 


HERRITARREN BABES SAREAREN OHARRA
Hasteko eta behin eskerrik asko usurbildar guztioi, osatu dugun sareagatik. Jendea fin ari da sareko lan ezberdinak burutzen! Bejondeigula!
 
Konfinamendu garai honek, *etxe bakoitzean forma bat hartu du*; kontziliatu ezinean ari garen familiak, internet konexioarekin arazoak izan eta etxetik lanik egin ezinean gabiltzanak, bakardadean gaudenak, arazo ekonomikoekin… Bai eta adikzioekin, osasun mentaleko arazoekin, bortxazko harremanekin, edo bestelako egoerekin konfinatuta gauden pertsonak ere.
 
Gainera, birusarekin zabaldutako beldurra nahikoa ez, eta orain, gisa orotako polizia dabil herritarrak mehatxatzen, iraintzen eta zigortzen.
 
Hala, egunerokoan erronka hauei aurre egiteko ditugun estrategia askok, gaur ez digute balio, eta berriak asmatu beharrean aurkitzen gara. Inoiz baino beharrezkoago ikusi dugu *KOMUNITATEA ERAIKITZEAK* zer-nolako garrantzia duen. Herrian dendetan erosteak, herritarron artean laguntzeak, zaintzeak, saretzeak... egoera zaurgarrienean daudenei babes handiagoa eskaintzen die eta bide horretan denok kontzientziatu eta gure aletxoa jartzea garrantzitsua da.
 
Horregatik, *jarrera epaitzaileak alde batera utzi eta elkartasunari helduz,* bakoitzaren beharrak ulertu eta elkar laguntzeko espazio bihurtu behar ditugu kale eta auzoak. Beharra duten horientzat, espazio seguruak sortuz, bizilagunen arteko eraso eta epairik gabekoak eta  eraso polizialen aurrean bizilagunon arteko babesa eskainiz.
 
Hori ere *komunitatearen osasuna zaintzea* baita; eta hori ere, denon ardura baita.
Hala, ekimen honekin bat eginez, ZURE ETXEKO LEIHOETAN BASERRITAR ZAPI BAT ZINTZILIKATZEKO GONBIDAPENA luzatzen dizugu, bizileku seguru horiek eratze bidean zure konpromisoa adierazteko keinu gisa.