Koronabirusa

Ikasturte amaiera ekainean

Ekainean amaituko da 2019-20 ikasturtea ikastetxeentzat eta oro har ikasleek ikasturtea gaindituko dute, ikasturtea errepikatzea salbuespena izango da. Ikasturtearen dinamika bizi dugun egoerara egokitu beharko da. Hala proposatu die Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei. Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan dituen eskumenak baliatuta, ikasturte amaiera definituko duen plan bat lantzen ari da jada.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburu Cristina Uriartek jakitera eman duenez, Espainiako Gobernuak ikasturte amaierarako iragarri dituen irizpideak jaso dituzte, baina Gasteizko gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan arlo honetan eskumenak dituela gogorarazi du. Ildo horretatik, plan propioa lantzen ari dira, laster aurkeztuko zaio hezkuntza komunitateari. Bertan, ikasleak nola ebaluatuko dituzten, ebaluazio irizpideak eta tresnak definituko dituzte, zeintzuk izango diren kurrikulumeko oinarrizko edukiak ikasturte amaierara arte, edota klase presentzialak nola berreskuratu ahalko diren, ikastetxeak zabaltzeko aukera dagoenean. 

Hedabide ezberdinen arabera, Eusko Jaurlaritzak ez du guztiz baztertzen, klaseetara itzuli ahal izatea, zenbait zikloetan. Hala gertatuko balitz, beti ere osasun irizpideek ahalbidetuko balute, itzultzen lehenak Batxilergoko bigarren ikasturteko ikasleak eta DBH 4. mailakoak lirateke. Geletara itzultzeko aukera posibleak aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza, "Osasun Sailak baimentzen duenerako".

Ikasturtea gainditzea
Dagoeneko baieztatua dirudiena da, 2019-20 ikasturtea ekainean amaituko dela. Ez dela aurreikusten uztailean errefortzu klaseak eskaintzea. Espainiako Gobernuak iragarri duenez, oro har ikasle guztiek gaindituko dute ikasturtea. Jaurlaritzak ordea ñabardurarik egin dio irizpide honi. Argi utzi du, koronabirusagatik, konfinamendua dela eta, inork ez du ikasturtea errepikatuko. Baina horrek ez du esan nahi ikasle guztiek gaindituko dutenik jada hirugarren hiruhilekoan murgiltzear den ikasturtea. Datorren astelehenean hasi eta ekainera arte eginiko lana ere horretarako baliagarria izango dela argi utzi du Hezkuntza Sailak. Klaustroen irizpideek erabakiko dute nork gaindituko duen eta nork ez ikasturtea. Bide batez, Hezkuntza Sailak ikastetxeak eta irakasleak une zailotan egiten ari diren ahalegin itzela eskertu du. Elkarlanetik hezkuntza-komunitateak bizi dugun egoerari aurre egingo diola ziurtatu du.

Laster ezagutuko ditugu honenbestez, Udarregi Ikastolak, Aginagako eta Zubietako Eskolek izango duten ikasturte amaierari begirako xehetasunak.