Sortuz, bakardadea isolatuz

Larunbateko Haurren Eguneko lipdub erraldoirako egitaraua prest

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 16a, 11:05

Konfinamendu honetan eredugarriak izan eta egiten ari diren ahalegin itzela eskertzeko, hilabetez etxean sartuta daramaten umeak omenduko dituen Haurren Eguna ospatuko da larunbatean (apirilak 18) Usurbilen. Usurbilgo Udalak hainbat herri eragilerekin elkarlanean iragarri dituen hitzorduen artean, lip-dub erraldoia ospatuko da. Antolakuntzak ezagutzera eman berri du ekimen honen ibilbidea eta ordutegia.

Larunbat arratsaldeko 17:00etan abiatuko da lip-dub erraldoia grabatuko duen kamioi ibiltaria Aginagatik. Txokoalde, Santuenea, Zubieta, Txikierdi, Kalezar eta Kaxkoa zeharkatuko ditu ekimenak pare bat orduko tartean. Bi animatzaileek musikaz girotutako kamioia izango da herria zeharkatuko duena, "eta gainera irudiak grabatuko dituzte, egunaren oroigarri gisa". 

Honenbestez, kamioia zuen etxe paretik igarotzean balkoira ateratzea eskatzen dute. Ekimena zuzenean eskainiko da Usurbilgo Artixten Instagram kontuaren bidez. Gogoan izan, lipdub saioa amaitzean, Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren ipuin kontaketa saioa eta zumba saioa eskainiko direla Betisa Carrascorekin. 



Akrosporteko argazkiak bidaltzeko azken eguna
Goizean abiatuko dira ordea Haurren Eguneko ekitaldiak leihoetako mozorro-musika jaiarekin eta akrosporteko irudien proiekzioarekin. Irudiok bidali nahi dituenak, ostegun gauera arteko tartea du zirimarausurbil@gmail.com helbidera edo whatsapp bidez 688 807 336 telefono zenbakira bidaltzeko. Zirimarak gaztetxoei eginiko gonbita da honakoa.

Bi pertsona edo gehiagoren artean postura desberdinak egitea da akrosport. Irudiotan dituzue hainbat adibide. 

Larunbateko Haurren Eguna Usurbilgo Artixten sare sozialetatik jarraitu ahalko da:
https://www.facebook.com/usurbilgoartixtak/
https://www.instagram.com/sortuzbakardadeaisolatuz/?hl=es

 

 

Haurren Eguna, egitaraua

Apirilak 18 larunbata

10:30 Akrosporteko irudien eta murala. Jarraian, leihoak apaintzeko eskulanak.
12:30 Mozorro-musika festa leihoetan. Bazkaria, umeek aukeratutako menua.
17:00-19:00 Kamioi ibiltaria, lip-dub erraldoia. Jarraian, ipuin kontalaria eta zunba saioa.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

Kartelaren egilea: Intza Salsamendi.