Koronabirusa

Opor girokoak behar zuen egunotako agenda ere etenda

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 17a, 08:46

Usurbil herri bizia dugun seinale, opor astea izan behar zuen honetan ere bertan behera geratu diren hamaika hitzordu.

Konfinamendu egoeran egongo ez bagina, askorentzat opor astea izango zen honako hau. Eta Usurbilen, herri bizitzari dagokionez, atseden hartzen ariko ziren haur eta gaztetxoei zuzenduriko aisialdi ekimenak izango genituen.

Usurbil F.T.-k kirol jarduera ezberdinen inguruko txokoak antolatuak zituen, urte luzez egin duten moduan, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat. Denetariko ekintzak tartekatuko zituen ekimena, astearte honetan hasi eta larunbatera arte, apirilaren 14tik 18ra bideratzekoa zuten. Jarduera ezberdinekin lehiakortasuna alboratu eta lagun artean jolastea zuten helburu txokook. Gainerako herri eragileek bezala ordea, Usurbil F.T.-k eten egin zuten epe mugagabe baterako jarduna.

Gaztelekuak eskaintza egokitua
Muxurbilek ere antolatua zuen antzerki ikastaroa apirilaren 14tik 17ra haur, gazte nahiz helduentzat. Gaztelekuak bestalde, aurreko urteetan hainbat ekintza antolatu izan ditu opor egunotarako. Aurten konfinamendu egoera honetara egokitu du eskaintza. Hezitzaileen eta gazteen hartuemanak orain Whatsapp eta Instagram bidezkoak dira. Gaztelekuak "orain arteko helburu eta ildo estrategikoei eutsiko die, baina egoera berriak sortutako beharretara egokituta". 
Whatsapp: 688713838.
Instagram helbidea: gaztelekua_usurbil

Astelehen, ostegun eta larunbatetan emango du zerbitzua Gaztelekuak, eta horrela antolatu dituzte edukiak:

  • Astelehenetan: osasuna, egunerokotasuna eta eskulanak.

16:30 / 18:00: Ze esatek! Ze esaten!

18:00 / 19:30: Zuk zeuk egin!

 

  • Ostegunetan: harremanak, sare sozialak eta sukaldaritza.

16:30 / 18:00: Harremanak saretzen.

18:00 / 19:30: Gosearen jolasak.

 

  • Larunbatetan: sormena, jolasak eta fono-bideo-liburu-jolasteka

16:00 / 17:30: Kin kan kun.

17:30 / 19:00: 40aldiaren kutxa.

Taldetan banatuta, proiektu txikiak egin nahi dituzte, esaterako, bideoak grabatu. "Gainera, lanegunetan bideo-dei, audio edo Whatsapp bidez komunikatzeko aukera eskainiko dute hezitzaileek, adostutako ordutegi baten barruan", Udaletik aditzera eman dutenez.

Kirol hitzorduak
Hauez gain, Usurbil lotune edo abiapuntu zuten beste bi kirol hitzordu ere bertan behera geratu dira asteotan. Apirilaren 9an ospatuko zen baita Usurbil eta Arantzazu lotuko zituen tradizio luzeko mendi txangoa. Apirilaren 10ean Usurbildik igarotzekoa zen Itzulia bertan behera geratu zen baita. Antolakuntzak atzeratzea erabaki du; data oraindik zehazteke dute. Egunez aldatu dituzten beste hainbat txirrindularitza probak noiz ospatuko diren, horren mende geratuko da Itzulia noiz abiatuko den ere. 2021eko edizioa, apirilaren 5etik 10era ospatuko dela iragarri dute antolatzaileek.

Espainiako "La Vuelta" txirrindularitza probak ere baldintzatuko du Itzulia noiz izango den. Azaroan ospa liteke, eta ez iragarri bezala, abuztuaren 14tik irailaren 6ra. Irunen hasi eta Arraten amaitu behar zuen "La Vuelta"-ren 169,5 kilometroko laugarren etapa Usurbil zeharkatzekoa zen abuztuaren 18an. 26. Badirudi, laugarren etapa hau, lehenengoa izan daitekeela orain. Aurreko hirurak Holandan jokatzekoak ziren, baina kolokan egon daitezke, "La Vuelta" urria edo azaroa aldera ospatzen bada.