Sortuz, bakardadea isolatuz

Haurren Egun handia gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 18a, 09:40

Konfinamendu honetan eredugarriak izan eta egiten ari diren ahalegin itzela eskertzeko, hilabetez etxean sartuta daramaten umeak omenduko dituen Haurren Eguna ospatuko da larunbatean (apirilak 18) Usurbilen. Usurbilgo Udalak hainbat herri eragilerekin elkarlanean iragarri dituen jai eguna sare sozialetatik segi ahalko da.

Larunbateko Haurren Eguna Usurbilgo Artixten sare sozialetatik jarraitu ahalko da. Helbideotan:
https://www.facebook.com/usurbilgoartixtak/
https://www.instagram.com/sortuzbakardadeaisolatuz/?hl=es

Akrosport eta mozorro festa goizean 
Goizean abiatuko dira Haurren Eguneko ekitaldiak leihoak apaintzeko eskulanekin edota mozorro-musika jaiarekin, baita azken egunotan jasotako akrosporteko irudien proiekzioarekin. Zirimarak gaztetxoei eginiko gonbita da honakoa.  Bi pertsona edo gehiagoren artean postura desberdinak egitea da akrosport. 

Lipdub erraldoia kalez kale
Larunbat arratsaldeko 17:00etan abiatuko da lip-dub erraldoia grabatuko duen kamioi ibiltaria Aginagatik. Txokoalde, Santuenea, Zubieta, Txikierdi, Kalezar eta Kaxkoa zeharkatuko ditu ekimenak pare bat orduko tartean. Bi animatzaileek musikaz girotutako kamioia izango da herria zeharkatuko duena, "eta gainera irudiak grabatuko dituzte, egunaren oroigarri gisa". 

Honenbestez, kamioia zuen etxe paretik igarotzean balkoira ateratzea eskatzen dute. Ahalik eta kale gehienetatik igaroko dira, "baina guztietatik pasatzea ezinezkoa  izango da, kamioian doazenen segurtasuna eta lan egiteko erraztasuna bermatze aldera". Ekimena zuzenean eskainiko da Usurbilgo Artixten Instagram kontuaren bidez. Gogoan izan, lipdub saioa amaitzean, Yolanda Arrieta Malaxetxebarriaren ipuin kontaketa saioa eta zumba saioa eskainiko direla Betisa Carrascorekin. 





Haurren Eguna, egitaraua

Apirilak 18 larunbata
10:30
Akrosporteko irudien proiekzioa eta murala. Jarraian, leihoak apaintzeko eskulanak.
12:30 Mozorro-musika festa leihoetan. Bazkaria, umeek aukeratutako menua.
17:00-19:00 Kamioi ibiltaria, lip-dub erraldoia. Jarraian, ipuin kontalaria eta zunba saioa.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

Kartelaren egilea: Intza Salsamendi.