"Familiako baratzeetan lan egin daiteke, behar-beharrezkoa den denboran, betiere"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 17a, 11:46

Baserritarren Borroken Nazioarteko Egun honetan, baratzen erabilerari lotutako albistea jaso berri dugu; "familiako baratzeetan lan egin daiteke, behar-beharrezkoa den denboran, betiere" Eusko Jaurlaritzatik ohartarazi eta Usurbilgo Udalak berri eman duenez.

Eusko Jaurlaritzak jasotako azken irizpideei jarraiki, familiako baratzeetan lan egin daiteke bai, baina beti ere behar-beharrezkoa den denbora tartean. Usurbili dagokionez, Agerreazpiko udal-baratzeetako erabilera arauak ere irizpide horietara egokitu ditu Udalak. "Hala, toki komunak itxita egon arren, txanda sistema bat ezarri du, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko; ohiko bideetatik jakinarazi zaizkie arau zehatzak", ohartarazi du Udalak.

Apirilaren 15az geroztik ondoko irizpideak ditu indarrean Eusko Jaurlaritzak, Usurbilgo Udalak gogorarazi duenez:

Familiako baratzeetan lan egin ahal da?
Bai, baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira. Bigarren bizilekuan dauden baratzeak ez dira baimen honen barruan sartzen. 

Elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere.

Lurzoruan bertan edo hor dauden instalazioetan (behin betikoak zein aldi baterakoak izan) ezin da inolako ekitaldirik edo ospakizunik egin.