Jakoba Errekondo: "Baratze oro da urre"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 17a, 10:57

Baserritarren Borroken Nazioarteko Egun honetan, Jakoba Errekondoren ondoko manifestua plazaratu du Argiak. Mezu argi baten bueltan: "Nor bagara, eutsi diezaiogun baratzeari". Zergatik? Manifestuko izenburuak dioen moduan, "baratze oro baita urre, nor izan nahi badugu". Segidan Argiak plazaratu duen Errekondoren manifestua osorik:

Baratze oro baita urre, nor izan nahi  badugu
Gure amonari eta bere baratzeari ohore.

Gure amona zena, Joxepa Amunarriz Arostegi Zubietako Barrenetxeko sukaldetik baratzerako tartean gogoratzen dut. Baratze izugarri bat zuen bere kontu. Igandea izan ezik, egun guztiak bere baratzerako zituen. Baratzetik bizi zuen etxea. Baratzetik bizi zuen sendia.

Baratzea landu eta etxeko mozkinak Donostian etxez etxe saltzera joaten zen. Buruan sorkia eta haren gainean saskikada barazki eta lekale, eskuetan marmitakada bana behi esne, treneraino. Donostian kalez kale, etxez etxe bere etxeko emana saltzen zuen. Senarra zenak, Usurbilgo Azparrengo Benito Salsamendi Alkortak, honela esan omen zion lehen salmentarekin ekarritako dirua erakutsi zionean: “Egunero horrela ekartzen baduzu etxea aurrera aterako dugu”.

Etxea ez da etxea. Etxea ez da eraikuntza soil bat. Gure amonaren etxea baratzea zen. Etxea egitura da. Zerbaiti eusten dion egitura: gurtetxea gurdiaren egitura da, aretxea arearen egitura da. Geure amonaren etxea, bere sendiari eusten zion egitura, baratzea zen. Baratzearen parte zen baserriaren eraikuntza. Eta kaletik ekartzen zuen mundua baratzera, beste emakumeekin haziak trukatzen zituen eta aniztasunarekin osatzen zuen bere jakintza. Hazi guztia da hizkuntza, historia, genetika, hautaketa, hibridazioa, iragana eta etorkizuna.

Euskaldunontzat baratzea paisaia osoa da, urrutieneko menditik etxerainokoa laburbiltzen duen lurraldea. Baratzean ditugu: eraikitzeko zur eta berotzeko egur diren basoko zuhaitzak (haritz, arte...), fruitu arbolak (sagarrondo, udareondo, intxaurrondo, hurritz, pikondo...), erritualetarako landareak (hagin, lizar, ereinotz, lore...), lokarrietarako (zume, ihi, atxapar...), osasunerako sendabelarrak, xaboiak eta kosmetikoetarakoak (malba, menda, asun, pasmo-belar, zaingorri...), erleak eta gure espiritua eta estetika elikatzeko loreak (krabelin, kala, arrosa, amañilili, geranio, begonia, esparragera...), ontziteriarakoak (kurkubi, ezki, urki, ezpel...), jatenak (belaze, arbi, pagotxa, alpapa...) eta jatekoak (babarrun, arto, kui, barazki...). Hori dena da baratzea. Gure kulturaren oinarria, “kultura”, izan ere, lurra lantzearen artea baita. Izan, gu izateko –pertsona eta komunitate izateko, kultura eta gutako bakoitza izateko– baratzea da hatsapen eta muin. Baratzea paisaia kulturala da.

Eta paisaia kulturala gure kulturak egin duena da. Paisaia gure amonak eta bere amonak, eta haren amonak sortua da, bai. Guk bizi dugun paisaia kulturala da, gure amonen kulturak eraikitakoa. Berea zena gure baratzea da. Gu izan ginenak, gu orain garenak eta izango garenak gu izateko. Gure munduaren ikuskera eta hizkera.

Nor bagara, eutsi diezaiogun baratzeari. Baratzea artzaina da, eta basoneska, lorezaina, barazkigilea, mahastizaina, sagardogilea. Zaindu ditzagun, zaindu gaitzaten. Nekazaritza, hemengo gure nekazaritza. Arrantza, hemengo gure arrantza. Nor bagara. Nor izan nahi al dut?

Belaunaldiz belaun, iraultzen dugu geure bizimodua eta kultura. Gure izaera egokitzen dugu, eta irauten dugu. Irautetik bizitzera urratsa egiteko sasoia da. Iraultza hori baratzea da.  

Baratzeari eta nekazaritzari bizkarra emanda ari den jendea, hedabide-politikari-teknikari-administrazio... Gu denoi labankadaka ari zaigu bizkarrean, atzetik! Aurre egin diezaiegun. Zuk eta nik. Bion, denon amonen izenean.

Hizkuntza, kultura, artea, lana, jakintza, ekonomia, elikadura, izaera, mundu ikuskera, natura, paisaia, aniztasuna, bizitza kalitatea, burujabetza eta... gure amona. Hori dena landu behar dugu. Hori egiten duena maitatu behar dugu. Horren mozkina gure mahaira dakarrena goratu behar dugu. Gurebiziko altxorra dugu nekazari oro. Berebiziko hartzaile izan gaitezen. Izan ere, baratze oro da urre.