Koronabirusa

Hainbat zerga, tasa eta prezio publikoren ordainketak eten edo atzeratzeko dekretua onartu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 18a, 08:01

Dekretu bidez, covid19-ak eragindako osasun-larrialdi egoerari aurre egiteko neurri ekonomiko sorta bat onartu du Usurbilgo Udalak, ostiral honetan bertan.

Dekretuko hiru puntuetan lehenak osasun-larrialdi egoerak iraun artean jarduera eten behar izan dutenei "Udalak ez die eman ez duen zerbitzurik kobratuko". Hondakinen tasa edota terrazaren prezioa esaterako. Aurrez kobratua izan balitz, diru kopuru hau itzuli egingo du Udalak. Epealdiaren zati batean zerbitzua eman bada, emandako zerbitzuari dagokion zatia soilik jasoko du Udalak. Kiroldegiko ikastaro eta abonamenduaren edota Haur Eskolaren kasuan berdin. "Irekiera data jakitean egin ahal izango da bueltatu beharreko diru kopuruaren kalkulua".

Udal zerbitzuei dagozkien tasen eta prezioen ordainketa epeak malgutasunez atzeratuko direla iragarri du Udalak, "larrialdi egoerak eta konfinamenduak irauten duen egun kopuru berean. Mugatze horien amaiera data jakin orduko, egutegi fiskal berria eta luzatua onartuko du udalak, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu, epe luzatu horiek zeintzuk izango diren jakinarazteko".

Atzerapenak borondatez ordaintzeko epeetan
Malgutasunez atzeratuko diren hiru udal zerga nagusiak honako hauek izango direla iragarri du Udalak. Ordainketa epe berria izango duen zergetako bat, trakzio mekanikozko ibilgailuen gainekoa izango da. Udalak 2020rako onartua zuen ordenantza fiskalen egutegia eskutan, martxoaren 2tik apirilaren 16ra arteko borondatezko epea zegoen ordainketak bideratzeko. Udalak ohartarazi duenez ordea, "larrialdi egoerak eta konfinamenduak eragindako etenaren egun kopuru berberean luzatuko da ordaintzeko epea. Zerga hori helbideratua zeukatelako kobratu zaien herritarrek ordainketa itzultzeko aukera izango dute, hala nahi izanez gero, inolako gainkosturik gabe. Hala egiten dutenek beraiek arduratu beharko dute, gero, epe luzatuaren azken eguna baino lehen dagokien zerga ordaintzeaz. Epea agortuta zerga ordaindu gabe balego, legokiokeen gainkostua aplikatuko zaie".

Ondasun higiezinen gaineko zerga borondatez ordaintzeko epea berez maiatzaren 15etik uztailaren 1era finkatua zuen Udalak. Konfinamenduaren eraginez ordea, "atzeratu egingo da". Abuztuak 1-irailak 15 artean bideratu ahalko dira ordainketak.

Milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresa handienei soilik aplikatzen zaien ekonomia jardueren gaineko zerga borondatez ordaintzeko epea ere atzeratzea erabaki du Udalak, ostiral honetan onartu duen dekretu bidez, "larrialdi eta konfinamendu egoerak irauten duen egun kopuru berberean. Amaiera data jakin orduko, egutegi fiskal berriaren bidez jakinaraziko da".

ATZERATUTAKO ZERGEN ORDAINKETA

  Jatorrizko epea Epe berria
Trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga Martxoak 2-apirilak 16 Konfinamenduak eragindako etenaldi egun adina denbora luzatuko da ordainketa epea.
Ondasun higiezinen gaineko zerga Maiatzak 15-uztailak 1 Abuztuak 1-irailak 15
Ekonomia jardueren gaineko zerga Urriak 1-azaroak 10 Konfinamenduak irauten duen egun kopuru berberean atzeratuko da ordainketa epea.