Koronabirusa

Euskal kulturgintzaren greba digitalarekin bat egiteko mosaiko aldarrikatzailea

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 19a, 09:44

Euskal kulturgintzak 48 orduko greba digitala iragarri du apirilaren 21 eta 22rako. Buruntzaldeko gazte sortzaileek greba babesteko mosaiko aldarrikatzailea osatzeko deia egin dute; argazki bilketan parte hartzeko gonbita luzatu dute.

Estatu mailako itzalaldi kulturalerako deia egin zen sarean apirilaren 10ean eta 11n, bizi dugun osasun larrialdi egoeragatik sektoreak bizi duen krisia leuntzeko Espainiako Gobernuak neurririk hartzen ez zuela ikusita.

Euskal Herrian deialdi propioa egin da orain datorren asterako. Sarean, Interneten kultur edukirik ez partekatzeko deia luzatu du euskal kulturgintzak apirilaren 21ean eta 22an, bi egunotarako greba digitala antolatu dute. Ekimen honen bidez, norbanakook egunerokoan euskal kulturgintzarekiko dugun atxikimenduari buruzko gogoeta eta eztabaida soziala sustatu nahi dute; bizi dugun osasun larrialdi egoerak eragindako kalteei erantzuteko premiazko neurriak hartzea exijitzeko; egoerak ahalbidetzen duenean, euskal kulturgintzaren ekosistema elkartzeko topaketa antolatzeko lanak abiaraztea.

Greba deialdi honetara batu dira Buruntzaldeko sortzaile gazteak, diotenez "badugu zeresana" eta. "Izan ere, euskal kulturaren sektore prekarizatuari, berrogeialdiak are eta kolpatuago utzi duen horri, *gazte izate soilaren problematika* erantsi behar diogu". 

Horregatik, Buruntzaldeko gazte sortzaileak antolatu, eta kolektiboki eragiten dien "gaitz honi" kolektiboki erantzun nahi diote. Ondoko mezua luzatu diete gazte sortzaileei. "Datorren asteko greba deialdira atxikitzeko gonbidapena luzatzen dizugu".

Mosaiko aldarrikatzaile bat osatu nahi dute. Horretarako, argazki bat ateratzea eskatzen dute karteltxo batean ondoko hiru traola hauek idatzita:
#Kulturgintzan
#GrebaDigitala
#GazteSortzaileakGreban

Argazkia ondoko telefono zenbakira helaraztea eskatzen dute: 634 909 448.

Hemen euskal kulturgintzako kideek apirilaren 21 eta 22ko greba digitalari begira kaleratu duten adierazpena:

ADIERAZPENA
Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara
Apirilaren 21ean eta 22an greba digitala

Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duzuen eragile guztioi: sortzaileoi, antolatzaile eta bitartekarioi (herri-mugimendu, erakunde publiko, ekimen pribatu/industria), komunikabideoi, hezitzaileoi (hezkuntza arautuan, ez-arautuan, familian/etxe-giroan), kulturazaleoi, herrikideoi:

Apirilaren 21ean eta 22an interneten kultur edukirik ez partekatzeko deia luzatu gura dizuegu. Bi egun horietan Greba Digitala egiteko proposamena luzatu nahi dizuegu.

Gure ekimenaren helburuak honakoak dira:

1.— Gogoeta eta eztabaida soziala eragitea

      Euskal Herritar orori zuzentzea, batez ere konfinamendu egunotan inoiz ez bezala euskal kulturgintzara hurreratu direnei, norbanakook egunerokoan euskal kulturgintzarekiko dugun atxikimenduari buruzko gogoeta ariketa proposatzeko: zein balio ematen diogun gure kulturgintzari, zein garrantzia duen gure egunerokoan, zenbat kultura kontsumitzen dugun, kulturgintzaren prekarietateaz (batez ere sortzaileenaz) eta lan baldintza kaxkarrez ohartzen garen...

2.— Premiazko neurriak hartu behar direla exigitzea

      COVID-19aren larrialdiak eragin(go) dituen kalteei erantzuteko premiazko neurriak plazaratu eta horiei atoan erantzun diezaietela eskatzea Euskal Herri osoko erakunde publikoei: Euskal Hirigune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei. Premiazko neurriekin batera, epe ertain-luzerako bestelako proposamenak ere plazaratzea.

3.— Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun guztiontzat elkargunea izango den mahai/bilera/topaketa antolatzeko lanean hastea

      Euskal Herri osoko kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragile guztioi dei egitea larrialdi egoerak ahalbidetzen digunean mahai/bilera/topaketa... bat gauzatu dezagun euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei aurre egiteko zer egin proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko. Deia beren beregi antolatuta dauden kulturgintzako eragileei luzatzea bilkura horren antolaketa lana euren gain har dezaten: sortzaileen elkarteei, enpresa egitura dutenei, erakunde publikoei...

      Horrekin batera, gogoetarako hainbat galdera eta proposamen plazaratuko ditugu apirilaren 21ean eta 22an hausnartu ditzagun.

      Pandemiaren eraginez ezarri den herritarren itxialdi egoerak ekarri du, beste hainbat erabakiren artean, kultur programazio guztiak bertan behera uztea. Lehendik kulturgileen, sortzaileen zein artisten egoera nahiko prekarioa bazen, jazoera berri honek larrialdia areagotzea ekarri du. Emanaldiak eta bestelako kultur lanak bertan behera utzi beharra modu latzean zigortzen ari da euskal kulturgintzaren ekosistema. Horren jakitun, kulturgintzaren ekosistemako hainbat eragilek neurri sorta zehatzak proposatu dituzte, bai larrialdiak dirauen artean hartzekoak, baita etorkizunean gure kulturgintzaren ekosistema osasuntsu iraunaraziko dutenak. Larrialdi egoera ezohiko honek eragindako krisiari elkarrekin aurre egiteko deia luzatu diegu erakunde publikoei. Udal batzuek salbu, gainontzekoek muzin egin diote gure proposamenari. EAEko Jaurlaritzak, esaterako, ez duela kulturgintzaren ezaugarri bereizgarriei erantzuteko neurririk hartuko erantzun digu. Paradigma aldatzeko ordua da, eredua aldatzeko ordua da, patroia aldatzeko ordua da.

      Itxialdi garaiotan, kultur ekimenak etengabe zabaltzen ari dira sare telematikoetan eta hedabideetan. Zuzeneko emanaldiak, grabatuak, irakurketa aholkuak, dantza ikastaroak…, gehien-gehienak debalde. Sortzaileok egoeraren jakitun ari gara duguna herrikideekin eskuzabaltasunez partekatzen eta, oraingoan, trukean kulturaren balio soziala hausnartzeko eskatu gura dizuegu. Larrialdi egoera honek aurretik euskal kulturgintzarekiko atxikimendurik ez zenuten herrikide asko euskal kulturgintzara hurreratzea ekarri du. Askok denbora emateko aukera legez hautatu duzue, entretenimendu gisa. Kulturgileontzat, ostera, entretenimendu hutsa baino, gure sormen lanek bestelako balioak partekatzen dituzte: Kultur esperientziek eta kultur imajinarioek munduan leku bat egiten laguntzen digute, barne-mundua elikatzen digute, zentzuaren eraikuntzan laguntzen digute, geure buruaren eraikuntzan laguntzen digute, baita mundua ulertzen ere, trukea sustatzen dute, jolaserako espazioa sortzen dute, arakatzera gonbidatzen gaituzte, eta batez ere, komunitate bateko kide sentiarazten gaituzte. Hizkuntzak egiten gaitu pertsona, kulturak herritar. Zer gertatuko litzateke aktorerik, bertsolaririk, dantzaririk, idazlerik, eskultorerik, gidoilaririk, komikilaririk, musikaririk, margolaririk, zinemagilerik ez balego? Zer jendarte genuke antzokirik, liburutegirik... kulturgunerik gabe? Nola antolatuko genuke hezkuntza sistema sortzailerik gabe? Esan bezala, egunotan lan horien garrantzia ikusten ari gara sareetan; herritarren itxialdiaren aringarri suertatzen ari direlarik. Baina, itxialdia amaitzerakoan zer gertatuko da? Nola berrantolatuko dugu gure kulturgintza? Erakunde publikoetan arduretan dauden alderdi politikoek euren burua kulturgintzaren ekosistematik kanpo kokatzen jarraituko dute edo gure parean eseriko dira proposatzen diegun urgentziazko mahai-teknikoan eta elkargune iraunkorrean guztion artean erabaki dezagun zer den estrategikoa euskal kulturgintzarentzat eta zein neurri hartu behar ditugun helburu estrategiko horiek erdiesteko?

      Jakitun gara birtualki baino burutu ezin dugun greba honen ostean, konfinamendua amaitutakoan, askoz eraginkorragoak izango diren ekimenak abiaraziko dituguna. Oso argi dugu COVID-19ak eragindako larrialdiak kulturgintzan eragin(go) dituen kalteei ezin zaiela neurri koiunturalekin erantzun. Arestian esan dugun legez, paradigma, eredua, patroia da errotik eraldatu nahi duguna.

      Horren gaineko arreta deitzeko eta ezinbesteko gogoeta bultzatu nahian, hainbat sortzailek ekimen zabal honetan parte hartzeko deia luzatu gura dizuegu, euskal herritarrok gogoeta egin dezagun euskal kulturgintzaz. Horregatik bi egunez, apirilaren 21ean eta 22an, desagertu egingo gara, oihala beheratuko dugu eta sareetan zein hedabideetan ez dugu inongo ekimenik egingo, ez dugu zuzeneneko edo grabatuko emanaldirik ez eskainiko ez partekatuko. Oihala beheratuko dugu eta gure ahotsa isilduko dugu, entzun gaitzazuen.

Herrikideok, bidali zuen ekarpen, gogoeta, iritzi, kritika eta enparauak ekarpenak@kulturgintzan.eus e-lbidera. COVID-19ak eragindako larrialdiak ahalbidetzen digunerako deituko dugun mahai/bilera/topaketan eztabaidagai izan daitezen jaso eta partekatuko ditugu euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun ahalik eta eragile gehienen artean.

Atxikimenduak esteka honetan: https://kulturgintzan.eus