Koronabirusa

Haurren konfinamendua malgutuko da, apirilaren 27tik aurrera

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 18a, 20:45

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek iragarri berri du albistea, hedabideen aurrean eskainitako agerraldian. Apirilaren 27tik aurrera, haurren konfinamendua malgutu eta era mugatuan ateratzen hasteko aukera ahalbidetuko zaiela iragarri du Sanchezek. Martxoaren 14az geroztik indarrean den alarma egoera berriz, maiatzaren 9ra arte luzatzea eskatuko du. Hala proposatuko die igande honetan autonomia erkidegoetako presidenteei. Maiatzean zehar, "normaltasun berrira" itzultzeko bidea jorratu ahal izateko prest egotea espero du Espainiako Gobernuko presidenteak. Trantsizio hilabete gisa aurreikusten du datorren hilabetea, Espainiako Gobernuko presidenteak.

Larunbat honetan Usurbilek ospatu duen Haurren Egun honen amaieran heldu da albistea Madril aldetik. Apirilaren 26ra arte indarrean izango den alarma egoera beste bi astez, 15 egunez luzatzea eskatuko dio Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek Diputatuen Kongresuari. Honenbestez, egungo alarma egoera maiatzaren 9ra arte luzatu asmo dute. Baina aldaketa nabarmen batekin; apirilaren 27tik aurrera, Hego Euskal Herriko haurren konfinamendua malgutu asmo dute. Hedabideak aipatzen ari direnez, 12 urte arteko haurrena. Etxetik atera ahalko dira, modu mugatu batean eta babeserako hainbat neurri hartuta. Xehetasunak egunotan emango dituzte.

Maiatzaren 9ra arte luzatuko den alarma egoera aste gehiagotan luzatu litekeen arren, datorren hilabetea, maiatza, trantsizio hilabetea izatea aurreikusten du Espainiako Gobernuak. "Normaltasun berrira" deitu dioten horretarantz, bidea jorratzen hasteko abiapuntu gisa. Modu mailakatu eta asimetrikoan hasi daitezke "desaskalatze" prozesua, edo beste era batera esanda, malgutzen bizi dugun konfinamendu egoera. Lurraldeka, neurri bereziekin, zuhurtziaz eta mailaka. Erkidego, probintzia edota udalerri bakoitzak bere bidea, bide propioa jorra dezakeela aditzera eman du. Bide hori jorratzen hasteko prest egotea espero du Espainiako Gobernuak.