Euskaraldia

Etxealditik Euskaraldira jauzi egiteko deia, astelehenetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 19a, 17:04

Konfinamendu egoera honetan, etxean eta etxetik komunikatzerakoan ditugun hizkuntza ohiturei buruz hausnartzeko "Etxealditik Euskaraldira" ekimena aurkeztuko dute astelehen honetan. Bi asteko tartean, ariketa ezberdinak proposatuko zaizkigu, euskara etxeetan sartzeko eta urte amaieran ospatuko den 2. Euskaraldiaren entrenamendu saio modura.

Etxean irten ezinik gauden honetan, gure eguneroko bizilekuko nahiz erosketak egiterakoan dendetako, edo telefonoz nahiz sare sozialen bidez ditugun hartuemanetako hizkuntza ohituren inguruan hausnartu eta aldaketak eragiteko “Etxealditik Euskaraldira” ekimena abiaraziko dute astelehenean.

Adi, Euskaraldiaren sare sozialen bidez, aldaketa horietan laguntzeko hainbat proposamen hedatuko dituzte egunotan bideo pilulen bidez. Maiatzaren 3ra arte luzatuko da ekimena. Gogoan izan, hitzordu hau urte amaieran ospatuko den 2. Euskaraldira begira antolatu da. Ahobizi eta Belarriprest-ekin batera, euskaraz aritzeko Ariguneak sustatuko dira edizio berri honetan.

Hurbilekoekin dugun hartuemanaz hausnartzeko aukera
Euskal Herri osora hedatuko den ekimenarekin bat egin du Usurbilek ere. Bi helburu bete nahi dira; "etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz".

Une aproposa, eremu hurbilenean baliatzen dugun hizkuntza ohiturez hausnartzeko. "Konfinamendu egoeran elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira nagusi, eta, harreman gehienak hurbilekoekin direla jakinda, iruditzen zaigu eremu hurbilenean erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela".

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldirako entrenamendu gisa planteatzen dute ariketa hau. "Gertukoekin hizkuntza-ohiturak aldatzen baditugu, gero errazagoa izango da kalean ere ohitura berri horiek praktikara eramatea! Beraz, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldira indartuta, gauzak probatuta eta berotuta iristeko entrenamendu modukoa izango da ekimen hau".

Parte hartze bideak
Ariketa honetan parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera, Euskaraldia Usurbil herri batzordetik "
etxeetako leihoetan edota balkoietan koloretako puntu bat jartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Era berean, ekimenak irauten duen bitartean, dei egiten diegu herritarrei sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzeko. #EtxealditikEuskaraldira eta #Usurbil traolak erabil ditzagun herrian sortutako materiala biltzeko!".

Albiste honi atxikitako bideoan, Pako Agudo herritarra entzun dezakezue. "Hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburura. Zer hobe etxetik hastea? Eta non gaude orain? Etxean". Horregatik ekimen honetan parte hartzera deitzen du. "Jolastu gurekin! Zabaldu atea Euskaraldiari!".

"Etxealditik Euskaraldira"
Iraupena: apirilak 20-maiatzak 3.
Egutegia:
-Apirilak 20: bideo bidezko aurkezpena. Egunean zehar, etxeetara euskara gehiago sartzeko jolasen proposamena.
-Apirilak 23: hausnarketa fasea. Norberak bere hizkuntza-ohiturei buruz hausnartzeko ariketa erraza.
-Apirilak 24-30: hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketak. Egunerokotasunean oinarrituriko zazpi ideia-proposamen, egunero bat.
-Maiatzak 3: Euskal Herri mailako amaiera ekitaldia.
Informazio gehiagorako:
usurbil.euskaraldia.eus
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Instagram: @euskaraldiausurbil