Joko aretoen eta apustu etxeen aurkako mobilizazio eta ekimen anitz izan da azken aldi luzean. Herritarren mugimendua eremu honetan hedatzen eta sendotzen joan da. Erakundeei mobilizazio ezberdinen bidez neurriak hartzea exijitu izan zaie. Besteak beste, sektore honen murriztea eta erregularizazioa edota publizitatearen debekua esaterako. Bizilagunen protestengatik apustu etxe bat itxi zuten iaz Gasteizen.
Egun bizi dugun konfinamenduak eragin zuzena izan du apustu etxeetan; bereziki kaleko egoitza fisikoen itxierak. Online bidezko apustuek indarrean segitzen dute, apustu egiteko ezer gutxi egon arren. Modalitate honetako jokoen zaletuak ordea, konfinamendu egoera honetan gorantz egiten ari dela ohartarazi dute.
Gai hau, apustu etxeena ahotan hartuko du Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak, maiatzaren 1era arte abian dituen Bloke Gorria formazio saioen baitan.
Langileen Egunera arte
Bloke gorri honetan astero gai ezberdin bat jorratzen ari dira eta gaiotan formatzeko gonbita luzatu digute; "langileen borroka Euskal Herrian" hartu zuten ahotan martxoaren 30etik apirilaren 5erako astean; desobedientzia zibila hilaren 6tik 12ra.
Gazte prekarietatearen gaia jorratzen iragan astean. Apustu etxeen gaiari helduko diote egunotan (apirilak 19-26). Eta apirilaren 27tik 30era, borroka astea iragarri du Aztarrikak. Maiatzaren 1eko Langileen Egunean borobilduko dute zikloa.
Bideoa, testua eta proiekzioa
Asteroko dinamikak hiru hitzordu izango ditu: astelehenetan, gaiari lotutako bideo laburra plazaratuko dute; asteazkenetan gaiaren inguruko testua; ostiraletan, gaiaren inguruko dokumentala proiektatuko dute 21:30etan. Horrekin batera, “drive bidezko liburutegi bat ere egongo da!”, iragarri dute.
“Aztarrikatik ere prestatu dugu konfinamendu honetarako plana! Bloke gorria deiturikoan maiatzak 1a bitarte astero gai ezberdinen inguruan formatzeko aukera eskainiko dugu, drive ireki baten bitartez! Hemen duzue lotura: https://docs.google.com/document/d/17c6VIb2SPbY5TkZAU869BtyRkMXBG3iEk5bc3wUGCbA/edit?usp=drivesdk