Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk eta NOAUA! kide duen Euskaltzaleen Topaguneko egungo lehendakari Kike Amonarrizek bideo bidez aurkeztu digute asteotan egingo den "Etxealditik Euskaraldira" ekimena.
Urte amaieran egingo den 2. Euskaraldira begirako beroketa edo prestaketa saioa izango da, Euskal Herriko Ahobizi nahiz Belarriprest guztiei zuzendua egongo dena. Etxean, etxetik mugitu gabe egin ahalko duguna. Bizi dugun "ezohiko egoera larri honetan denok dugu besteekin hitz egiteko beharra, nahia eta gogoa", adierazi du Amonarrizek Youtuben zabaldu duten bideoan.
Horri lotua dator "Etxealditik Euskaraldira" ekimena. Helburu nagusia, "euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea da". Geure hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa sustatu nahi du ekimenak. "Besteekin zer hizkuntzatan hitz egiten dugun, nola, zergatik, gure hizkuntza ohiturak aldatzea. Edo bere kasuan, euskarazkoak badira, bere horretan finkatzea".
Hartara, ekimenaren sustatzaileek etxean ahotan hartzen dugun hizkuntzaren garrantzia azpimarratzen dute. "Etxekoekin gure hizkuntza ohiturak aldatu edo finkatzen baldin baditugu, askoz errazagoa izango zaigu kalera irteten garenean horiek mantentzea edo Euskaraldira iristen garenean ere gure hizkuntza ohiturak aldatzea edo finkatzea".
Beroketa ariketa egunotan
Ostiral honetan (apirilak 24) abiatuko da, aurrez ordea, geure hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko ariketa bat proposatuko zaigu, Euskaraldiko koordinatzailearen esanetan, "zeinekin, zer hizkuntzetan hitz egiten dugun eta zer aldatu nahiko genukken jakiteko". Xehetasunak astearte honetan bertan zabalduko duten bideoan eskainiko dizkigute.
Ekimen parte hartzailea izatea nahi dute. "Egiten duzuen guztiaren berri" izatea. Egunotan egingo dituzten proposamenen berri ematerakoan, parte hartzeko dauden bideei buruzko informazioa ere eskaintzen joango dira egunotan. Euskaraldiko sare sozialei adi egotea eskatu dute. Horrekin batera, ariketa honetan parte hartzeko asmoa duenak, etxeko leiho eta balkoietan koloretako puntuak jartzera animatzen dute. "Animatu euskaraz, gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitera!", luzatu du gonbita Aldabaldetrekuk.
Usurbilek ere bat egin du ekimenarekin
Euskal Herri osora hedatuko den ekimenarekin bat egin du Usurbilek ere. Bi helburu bete nahi dira; "etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz".
Une aproposa, eremu hurbilenean baliatzen dugun hizkuntza ohiturez hausnartzeko. "Konfinamendu egoeran elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira nagusi, eta, harreman gehienak hurbilekoekin direla jakinda, iruditzen zaigu eremu hurbilenean erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela".
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldirako entrenamendu gisa planteatzen dute ariketa hau. "Gertukoekin hizkuntza-ohiturak aldatzen baditugu, gero errazagoa izango da kalean ere ohitura berri horiek praktikara eramatea! Beraz, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldira indartuta, gauzak probatuta eta berotuta iristeko entrenamendu modukoa izango da ekimen hau".
Parte hartze bideak
Ariketa honetan parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera, Euskaraldia Usurbil herri batzordetik "etxeetako leihoetan edota balkoietan koloretako puntu bat jartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Era berean, ekimenak irauten duen bitartean, dei egiten diegu herritarrei sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzeko. #EtxealditikEuskaraldira eta #Usurbil traolak erabil ditzagun herrian sortutako materiala biltzeko!".
Albiste honi atxikitako bideoan, Pako Agudo herritarra entzun dezakezue. "Hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburura. Zer hobe etxetik hastea? Eta non gaude orain? Etxean". Horregatik ekimen honetan parte hartzera deitzen du. "Jolastu gurekin! Zabaldu atea Euskaraldiari!".
"Etxealditik Euskaraldira"
Iraupena: apirilak 20-maiatzak 3.
Egutegia:
-Apirilak 20: bideo bidezko aurkezpena. Egunean zehar, etxeetara euskara gehiago sartzeko jolasen proposamena.
-Apirilak 23: hausnarketa fasea. Norberak bere hizkuntza-ohiturei buruz hausnartzeko ariketa erraza.
-Apirilak 24-30: hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketak. Egunerokotasunean oinarrituriko zazpi ideia-proposamen, egunero bat.
-Maiatzak 3: Euskal Herri mailako amaiera ekitaldia.
Informazio gehiagorako:
usurbil.euskaraldia.eus
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Instagram: @euskaraldiausurbil