Sortuz bakardadea isolatuz

Etenaldia Usurbilgo Artixten ekimenetan, bi egunotako greba digitalagatik

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 21a, 12:21

Euskal kulturgintzak apirilaren 21 eta 22rako deitu duen greba digitalaren baitan, sarean kultur edukirik ez partekatzeko eskatu da. Milatik gora eragile eta sortzaileren atxikimendua jaso duen grebarekin bat egin dute baita Usurbilgo Artixtek. Konfinamendua abiatu zenetik, "sortuz, bakardadea isolatuz" zikloaren baitan antolatzen ari diren ekimenak, aste honi dagokionez, ostegunetik aurrera antolatu dituzte.

Egitarau murritzagoarekin itzuli dira Usurbilgo Artixtak. Konfinamendua hasi zenetik abian duten "Sortuz, bakardadea isolatuz" zikloaren baitan, aste honetarako agendan ohi baino ekitaldi gutxiago txertatu dituzte. Euskal kulturgintzak apirilaren 21 eta 22rako deitu duen greba digitalarekin bat egin dute baita herritar sortzaileen bilguneak. Kultur edukirik ez partekatzeko deia egin da ostegunera arte. "Beraz, ostegunera arte ez dugu emanaldirik izango", iragarri dute Usurbilgo Artixtek sare sozialen bidez.

Hiru ekitaldi programatu dituzte aste honetarako: bi kontzertu eta elkarrizketa bat. Elene Alustizak eta Luken Arkarazok eskainiko dituzte emanaldiak; bestetik, Esther Arrojeria eskubaloi jokalaria elkarrizketatuko dute. Ohi bezala, artixten sare sozialen bidez, zuzenean jarraitu ahalko dira ekitaldi guztiok:


SORTUZ, BAKARDADEA ISOLATUZ
Apirilak 23, osteguna
19:00 Luken Arkarazoren kontzertua

Apirilak 24, ostirala
19:00 Esther Arrojeriari elkarrizketa.

Apirilak 25, larunbata
19:00 Elene Alustizaren kontzertua.

Non ikusi eta entzun zuzenean:
Facebook: Usurbilgo Artixtak
Instagram: @sortuzbakardadeaisolatuz