"Sortuz, bakardadea isolatuz"

Esther Arrojeria: "Azken asteetan babes neurri gehiagorekin lan egin ahal izan dugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 24a, 08:59

Puntako eskubaloi jokalaria da. Askok ez dute jakingo, baina erizain gisa ere aritzen da. Guna osasun zentro pribatuan egiten du lan. Materiala falta dela adierazi digu, "baina  egoera hobetuz joan da pixkanaka eta beharrezko baliabideak lortzen joan dira".

NOAUA! Kirolari profesionala zara baina baita erizaina ere. Erizain moduan ari zara egunotan. Asko kostatu al zaizu egoera berrira egokitzea?

Ospitale munduan ez nabilenez, ez dut lanean ia aldaketarik antzeman. Beno, lehen baino lan gutxiago daukagula, besterik ez. Izan ere, egoera normaletan laneko errekonozimendu medikuak, kontsulta ezberdinak, odol analisiak, etxeetara bisitak, eta abar egin ohi ditugu. Egunotan, berriz, behar beharrezkoak diren etxeetako bisitak bakarrik egiten ditugu, birusa zabaltzeko arriskua ahalik eta gehien murrizteko. Egia da higiene neurriekin, distantziekin eta gainerako gomendioekin kontu berezia izan behar dugula, batez ere, gure bisitak jasotzen dituztenak, ia beti, arrisku taldekoak direlako. Baina gainerakoan, nire lana ez da aldatu.

Nolako egoeran zarete osasun arloko profesionalak? Materiala falta zaizue oraindik (maskarilak eta abar) ala egoera hobetu egin al da azken egunotan?

Lehen esan bezala, ez dut ospitalean lan egiten eta ez dakit bertako egoera benetan nolakoa den, baina material falta dagoela egia da. Nire esperientzia pertsonala kontuan izanda, konfinamendua hasi zenean 2 maskarila eman zizkidaten eta horiekin moldatu behar nuela esan zidaten, enpresa maskarilarik gabe geratzen ari baitzen dagoeneko. Hauek, normalean, erabilpen bakarrekoak direla kontuan izanda, argi dago ez nintzela egoera egokienetan lanean aritu ez nire babeserako ezta nire pazienteenerako ere. Gainera, eman zizkidaten maskarila horiek ez zuten nire burua babesteko balio, baizik eta nik gainerakoak ez kutsatzeko baizik. Baina beno, azken asteetan material gehiago eskuratzen joan gara, babes neurri gehiagorekin lan egin ahal izan dugu eta espero dut, ospitale eta gainerako osasun zentro edo zentro soziosanitarioetan ere, pixkanaka egoera hobetuz joan dela eta beharrezko baliabideak lortzen joan direla.

Eskubaloira itzuliz, denboraldia amaitutzat eman daiteke? Zer diote klubekoek?

Ba oraingoz ez daukagu berririk. Badakigu federazioak ez duela txapelketa amaitutzat eman nahi eta posible denean, berriz martxan jarri nahi duela. Baina, jokalarion artean iritzia nahiko bateratua da. Epe labur-ertainean, ez dugu posible ikusten horretarako baldintzak beteko direnik. Pandemiaren hedapena nolabait kontrolatua balego ere (nire zalantzak ditudan arren), aurredenboraldi moduko bat burutu beharko genuke berriz lehiatzen hasi aurretik, oraingo egoera kontuan hartuta, lesio arriskua oso handia baita. Eta horretarako, daukaguna baino denbora gehiago beharko genuke. Nik, eta baita nire klubak ere, nahiko argi daukagu ezingo dela txapelketarekin aurrera egin, baina azken hitza federazioak duenez, itxaron besterik ezin dugu egin. Bestalde, denboraldia amaitutzat emango balitz, zein erabaki hartuko lirateken ere argitzeko dago: txapelketa moztu zeneko emaitzak izango diren kontuan sailkapena erabakitzeko, liga anulatutzat emango den, jaitsierarik eta igoerarik izango den... Guztia airean dago oraindik.

NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?

Okerren daramadana maite dudan jendea ezin ikusi eta ezin besarkatzea da. Baita egun eguzkitsuetan ezin eguzkiaz behar bezela disfrutatzea ere. Faltan somatzen dira lagunarteko arratsalde luzeak edozein tabernetako terrazetan, hondartza inguruko ibilaldi luzeak ilunabarra gerturatzen den bitartean, mendi bueltak... Baita eskubaloia ere, noski. Inoiz ez dut aurredenboraldia gustuko izan, baina datorren denboraldian ikaragarrizko irrikaz hartuko dudala uste dut. Baina beno, bueltatuko dira, une guzti hoiek bueltatuko dira. 
Alde onei dagokienez, nik uste goian aipatutako gauza txiki guzti horiek baloratzen ikasteko balioko digula. Benetan zoriontsu egiten gaituzten gauzak horrelako momentuak, maitasun zeinuak eta detaile txikiak direla konturatzeko eta hau dena pasatzen denean, horiez behar bezala gozatzen ikasteko.