Euskaraldia

Egunotako harreman eta hizkuntza ohituren taula bat osatzeko "Etxealditik Euskaraldira" ekimenekoen deia

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 21a, 11:59

Gogoan izan, ostiralean abiatuko da "Etxealditik Euskaraldira", konfinamendu egoera honetan ditugun hizkuntza ohiturez hausnartu eta euskararen erabilera sustatzeko ekimena. Hitzordua prestatzen joateko antolakuntzaren bideoa duzue albiste honetan. Taula bat osatzea proposatzen digute, egunotan ditugun harremanekin, eta harremanotan baliatzen dugun hizkuntza adieraziz. Diagnosi moduko bat osatzeko gonbita luzaten digute.

Hartara, ostiralean abiatuko den "Etxealditik Euskaraldira" ekimenari esker, egunez egun, harremanotan baliatzen dugun hizkuntzari eusten diogun, erdara baliatuz gero harremanok euskalduntzen goazen edota ariketa honi begira ditugun erronkak adierazteko aukera izango dugu; alegia, zer hizkuntza ohitura aldatzea nahiko genukeen lagun, lankide edota senideekin. Norekin egin nahiko genukeen ahalegin berezia. Nolabait esatearren, egunez egun, "Etxealditik Euskaraldira" ekimenak gure hizkuntza ohituretan izan dezakeen eragina marrazten joan ahalko gara. "Seguru egun hauetan, denok batera gauza asko aldatuko ditugula", adierazi du bideo bidez, Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk.

Usurbilek ere bat egin du ekimenarekin
Ostiralean Euskal Herri osora hedatuko den ekimenarekin bat egin du Usurbilek ere. Bi helburu bete nahi dira; "etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz".

Une aproposa, eremu hurbilenean baliatzen dugun hizkuntza ohiturez hausnartzeko. "Konfinamendu egoeran elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira nagusi, eta, harreman gehienak hurbilekoekin direla jakinda, iruditzen zaigu eremu hurbilenean erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela".

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldirako entrenamendu gisa planteatzen dute ariketa hau. "Gertukoekin hizkuntza-ohiturak aldatzen baditugu, gero errazagoa izango da kalean ere ohitura berri horiek praktikara eramatea! Beraz, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldira indartuta, gauzak probatuta eta berotuta iristeko entrenamendu modukoa izango da ekimen hau".

Parte hartze bideak
Ariketa honetan parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera, Euskaraldia Usurbil herri batzordetik "
etxeetako leihoetan edota balkoietan koloretako puntu bat jartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Era berean, ekimenak irauten duen bitartean, dei egiten diegu herritarrei sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzeko. #EtxealditikEuskaraldira eta #Usurbil traolak erabil ditzagun herrian sortutako materiala biltzeko!".

Koloretako puntuak sortu eta balkoi zein leihoetan jartzeko gonbita ere luzatu zaigu. Susana Martin herriko sortzailearen proposamena duzue hemen: https://youtu.be/I8uuIt1lMyQ

"Etxealditik Euskaraldira"
Iraupena: apirilak 20-maiatzak 3.
Egutegia:
-Apirilak 20: bideo bidezko aurkezpena. Egunean zehar, etxeetara euskara gehiago sartzeko jolasen proposamena.
-Apirilak 23: hausnarketa fasea. Norberak bere hizkuntza-ohiturei buruz hausnartzeko ariketa erraza.
-Apirilak 24-30: hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketak. Egunerokotasunean oinarrituriko zazpi ideia-proposamen, egunero bat.
-Maiatzak 3: Euskal Herri mailako amaiera ekitaldia.
Informazio gehiagorako:
usurbil.euskaraldia.eus
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Instagram: @euskaraldiausurbil