Koronabirusa

Asteazkeneroko azoka bueltan bihartik

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 21a, 10:41

Elikagaiak saltzen dituzten postuak soilik izango dira, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez.

Plazara itzulera konfinamenduaren seigarren astean. Askatasuna plazak neurri txiki batean bada ere, konfinamendu aurretik zuen itxura berreskura dezake bihar, apirilaren 22an. Asteazkenetako azoka itzuliko da aipatu enparantzaren estalpera. Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez, janariak saltzen dituzten postuak itzuliko dira soilik, haiek baitute soilik azokara etortzeko baimena . Bizi dugun konfinamendu egoeraren aurretik, lau ziren elikagaiak merkaturatzen zituzten postuak. Lautik hiru itzuliko dira momentuz asteazken honetan. 

Familiako baratzeetan mugekin lan egin daiteke
Eusko Jaurlaritzak jasotako azken irizpideei jarraiki, familiako baratzeetan lan egin daiteke baina beti ere behar-beharrezkoa den denbora tartean eta
Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak beteta, Udalak ohartarazi duenez. “Elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere”. Baratzeetan ezingo da inolako ekitaldi edo ospakizunik egin. Bigarren bizilekuko baratzeak ez dira baimen honetan sartzen.

Usurbili dagokionez, Agerreazpiko udal-baratzeetako erabilera arauak ere irizpide horietara egokitu ditu Udalak. "Hala, toki komunak itxita egon arren, txanda sistema bat ezarri du, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko; ohiko bideetatik jakinarazi zaizkie arau zehatzak", ohartarazi du Udalak.

Familiako baratzeetan lan egin ahal da?
Bai, baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira. Bigarren bizilekuan dauden baratzeak ez dira baimen honen barruan sartzen. 

Elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere.

Lurzoruan bertan edo hor dauden instalazioetan (behin betikoak zein aldi baterakoak izan) ezin da inolako ekitaldirik edo ospakizunik egin.