Iaz baino %24,5 errenta aitorpen gehiago aurkeztu eta 70 milioi eurotik gora itzuli dira Gipuzkoan

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 21a, 11:50

Covid19-a tarteko, aurrez aurreko modalitatea etenda duen 2019ko errenta aitortzeko epea zabalik da hilabete hasieratik. Gipuzkoako Foru Aldundiak kanpaina honi lotutako lehen datuak plazaratu berri ditu. Lehen hamabost egunetan, iaz baino %24,5 aitorpen gehiago aurkeztu dira eta Foru Aldundiak jada 70 milioi eurotik gora itzuli dizkie gipuzkoarrei.

Datuok astearte goiz honetan eman ditu ezagutzera, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak, astearteroko Diputatuen Kontseiluko erabakien berri emateko agerraldian. Balantze positiboa egin du. Gorakada nabarmena izan da iaztik hona aurkeztu den aitorpen kopuruan. Jada 70 milioi eurotik gora itzuli dituztela adierazi du. Balantze positiboa egin du, une honetan Ogasunak dirua ahalik eta lasterren gipuzkoarrei itzultzeak duen ezinbesteko garrantzia azpimarratzearekin batera.  

Covid19-ak eten egin du errenta aitorpena aurrez aurre aurkezteko aukera. Ez dago argi noiz jarri ahalko duten martxan errenta mekanizatua. Aurten hilabete luzatuko dute kanpaina, uztailaren 29ra arte. Ez dute argi noiz eta nola, baina aurrez aurreko modalitate hau berreskuratzeko asmoa dute halere. "Aurreikuspen horrekin gabiltza, baina data zehaztu gabe", erantzun dio Mendozak gai honi buruzko galdera telematikoki luzatu dion kazetari bati.

Eskerrak helarazi nahi izan dizkio egungo baldintzetan errenta aitortzeko kanpainan beharrean ari den lan taldeari, eta gipuzkoarrei, herritarren diru ekarpenek eusten baitiete zerbitzu publikoei. "Krisia hasi zenetik esan dugu Aldundiaren helburua zergadunei malgutasuna eskaini eta gure esku dauden kontuetan likidezia ematea dela; Errenta kanpainaren itzulketen bidez likidezia hori ematen diegu".

Gogoan izan, egungo egoeran, errenta aitorpena online aurkezteko gonbita luzatua du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Honatx 2019ko errenta aitortzeko kanpainaren lehen 15 egunak zenbakitan:
-123.000 errenta aitorpen aurkeztuak, iaz baino %24,5 gehiago.
-21.000 autolikidazio proposamen onartuak, iaz baino %23 gehiago.
-6 egunetan 10.000 aitorpen aurkeztu dira telematikoki, iaz 3.000 epe berean.
-B@k kodea telematikoki eskuratzeko 4.730 eskaera izan dira eta ordezkapen berezia egiteko 535 eskaera.
-70 milioi eurotik gora itzuli ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
-Gipuzkoarrei 289 milioi euro itzultzea aurreikusten du Foru Aldundiak.

Tramitazioa online
Tramitazioa on-line egiteko aukera indartu du, zergabidea.gipuzkoa.eus atariaren bidez. Tresna honekin, “autolikidazio proposamena jaitsi, aldatu eta onartu ahal izango da bertatik eta, jaso ez dutenen kasuan, Ogasunak dituen datu fiskalak jaitsi daitezke, hauekin aitorpena osatu eta aurkezteko”. Falta diren datuak eta beharrezko egiaztagiriak eransteko aukera ematen du baita. Ariketa guztiok egiteko B@k kodea beharko da; Ogasunak kode hau etxetik irten gabe eskuratzeko prozedura telematikoa abiarazi du aipatu zergabidea.gipuzkoa.eus atarian. Aitorpena bere kabuz modu honetan aurkeztu ezin duenarentzat jarduera hau beste pertsona bati delegatzeko prozedura errazteko da. Martxan da jada.

Datak
-Autolikidazio proposamenak onartzeko aukera uztailaren 29ra arte. Atari honetan egin daitezke kontsultak: gipuzkoa.eus/ogasuna/proposamena.
-Internet bidezko aitorpena aurkezteko aukera uztailaren 29ra arte.
-Errenta mekanizatua edo aurrez aurrekoa: data zehazteke.

Informazio gehiago:
943 113 000 (8:00-20:00 artean autolikidazio proposamenak onartzeko, aldaketekin 8:00-15:00 artean)
labur.eus/ogasuna