Iazko errenta euskaraz aitortzeko deia

Herritarrek administrazio publikoarekin dituen hartuemanak euskalduntzeko une ezin aproposagoa da errenta aitorpena; aurtengo kanpaina abian da. Ogasunarekin egin beharreko tramitazioa euskaraz bideratzeko deia egin dute Usurbilgo Udaletik, udalerri hau kide duen UEMA-tik eta Gipuzkoako Foru Aldunditik. 

Euskara jakin baino gutxiago erabiltzen dugula adierazi izan dute azken urteotako hainbat ikerketek. Ezagutzan soilik ez, erabileran ere arreta jarri beharra dugula. Errenta Aitorpena aurkezteko kanpaina abian den honetan, Ogasunarekin dugun hartuemana euskaraz bideratzeko aukera ezinhobea dugu.

Horretara gonbidatzen gaitu Usurbilgo Udalak eta Udala kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA). "Euskararen aldeko hautua egitea da kanpaina honekin UEMAk lortu nahi duena. Batetik, datuetan islatu dadin udalerri euskaldunetan herritarrak euskaraz bizi direla. Bestetik, administrazioa euskalduntzeko bidean eragiten jarraitzeko".

Gipuzkoako erronka: 100.000 zergadun euskaraz
Usurbilen iaz, 950 herritarrek aitortu zuten errenta euskaraz, 2.281ek erdaraz. UEMA eremu honetan euskararen erabilera sustatzeko elkarlanean ari da tokian tokiko erakundeekin. Gipuzkoan esaterako, udalekin eta Foru Aldundiarekin. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak berak errenta aitorpena euskaraz bideratzera dei egin du. Autolikidazio proposamenaren onarpena, Zergabidea plataforma (zergabidea.gipuzkoa.eus ) nahiz telefono bidezko tramitazioa euskaraz egin nahi dela adierazteko aukera dugu. Lau urteko tartean, Ogasunarekin diru kontuak argitzeko aipatu hizkuntza hautatzen duen herritar kopurua 100.000ra heltzea du helburu Aldundiak. Herritarren kontzientziak astintzeko abagune ontzat jotzen du errenta aitorpena euskaraz tramitatzeak. Egun, 78.000 zergadunek Ogasunarekiko hartuemanak euskaraz bideratzen dituzte.

Ogasunarekin euskaraz aritzeko bideak
-Errenta kanpainan: hartuemanetarako hizkuntza euskara izatea hautatu daiteke, baita aitorpena hizkuntza berean aurkeztea ere (Internet bidezko nahiz errenta mekanizatuan). Autolikidazio proposamena herritar bakoitzak eskatutako hizkuntzan bidaltzen dute. Erdaraz jasoz gero, euskaraz bidaltzea eska daiteke. Norbere datuak emanda, Aldundiari Diputazio osoarekin hartuemana euskaldundu daiteke.
-Urtean zehar: pertsona fisikoen 030 hereda edo pertsona juridikoen 036 eredua betetzean, euskara hautatu daiteke harreman hizkuntza gisa.

Datak
-Autolikidazio proposamenak onartzeko aukera uztailaren 29ra arte. Atari honetan egin daitezke kontsultak: gipuzkoa.eus/ogasuna/proposamena.
-Internet bidezko aitorpena aurkezteko aukera uztailaren 29ra arte.
-Errenta mekanizatua edo aurrez aurrekoa: data zehazteke.

Informazio gehiago:
943 113 000
labur.eus/ogasuna
https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna/errenta/kanpaina-sarrera