Usurbilgo EAJ: “Pandemiaren aurka lehen lerroan ari diren guztiei, eskerrik asko”

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 21a, 16:49

EAJren Usurbilgo udal taldeak esker ona adierazi nahi die pandemiaren egoera larriari lehen lerrotik aurre egiten ari diren pertsona eta erakunde guztiei. 

“Lehenik, bat egiten dugu gaixotasun honek sortu dituen hildakoen senideen minarekin", adierazi du alderdi jeltzaleak prentsa-ohar bidez. "Eta gure babesa, egun hauetan ospitaletan, egoitzetan, azoketan, garraioetan eta guztion osasunaren zainketan eta eguneroko bizitzarako beharrezkoak diren hornidura zerbitzuetan ari direnen gizon-emakumeei. Ondo merezitako txaloak dira egunero jasotzen dituzuenak”.

 

Babes osoa udal gobernu taldeari

Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten ari diren ahalegina nabarmendu nahi du EAJ-k. “Garbi daukagu birusari aurre egitea dela gure erakunde nagusien lehentasun osoa eta horretara bideratu direla bitarteko guztiak. Osakidetzako ospitale sare publikoa egokitu da eta pribatuekin lan partekatua bultzatu da, ahalik eta modu eraginkorrean pandemiari aurre egiteko”. Ildo berean, Foru Aldundiko Gizarte Politikako departamentuak neurriak hartu ditu, protokolo berriak ezarri eta Donostian lehen Gurutze Gorriko ospitalea zena Covid-19an positiboa eman duten egoiliarrak artatzeko prestatu da”. Baliabideak ere nabarmen handitu direla azpimarratu nahi du alderdi jeltzaleak. “Halaber, gure babesa eman diogu eta emango diogu Usurbilgo Udalari birusaren ondorioak sortu ditzakeen egoera larriei aurre egiteko garaian”.

 

Sirena-hotsekin kritiko

EAJ ordea, kritiko agertu da egunotan Usurbilen entzun diren sirena-hotsekin. “Pandemiarekin zerikusirik ez duen Zubietako erraustegiaren aurka eguneroko sirena zarata” antolatu izana ez du gustuko eta “besteok entzun eta jasan behar izatea” kritikatu du. “Ez da birologoa edota epidemiologo argia izan behar sirena zaratarekin ez zaiola aurre egingo birusari”.