Ateak itxita
NOAUA! Zuen jarduera presentziala eten egin behar izan duzue. Faltan botatzen duzue jendaurreko harremana?
Gaztelekua: Noski. Faltan botatzen ditugu gauza asko: elkarrekin proiektuak sortu eta egitea, solasaldiak eta eztabaidak, ping-pongeko partidak eta pikeak, elkarrekin jolastea, beraiekin egunerokotasuna konpartitzea, kontatzeko ekartzen dutena entzutea, elkarrekin barre egitea, musika entzutea, bihurrikeriak, hartu-emana orokorrean, erronkak, ...
Sutegi liburutegia: Bai noski, gure kasuan, jendearekiko harremanak asko aberasten gaituelako, bai profesionalki, eta bai pertsonalki.
KzGunea: Bai, egunero ibiltzen gara gure erabiltzaileei klaseak ematen eta kontaktua oso gertukoa dugu. Hala ere telefonoz hitz egin dugu beraiekin, jarduera etenda dagoen bitartean harremanak mantentzearren. Jendea eskertuta azaldu da.
Arreta, online
NOAUA! Internet eta telefono bidezko arreta eskaintzen duzue orain. Era horretan, zuen zerbitzuaz baliatzen jarraitzeko aukera dute herritarrek, ezta?
Gaztelekua: Bai hala da. Aldaketa handia izan da, Gaztelekuan elkarrekin egotetik, soilik sareen bitartez komunikatzera. Guretzako ere, erronka da eta erronka honetan zerbitzua eskuragarri egotea beharrezkoa ikusten dugu eta nahi dugu, hau da ikusgai jarri nahi dugun xedea, gailuen beste aldean bada ere, egoten jarraitzen dugula. Presentzialki egon ez arren, elkarbanatzen eta bidelagun izaten jarraitu nahi dugula helarazi nahi dugu, mezu hori behintzat zabaldu eta txertatzea. Pixkanaka gazteekin sareen bitartez konektatzeko bide eraginkorrenak bilatzen eta finkatuz dihardugu, ideiei bueltak emanez, ez da erraza, egoera berria da denontzat, hala ere guretzako aukera polita da sare-sozialen esparruan gure helburuak ere garatu eta aurrera eramaten ikasteko. Sare-sozialak oso presente daude gazteen munduan eta pixkanaka ere, helduen egunerokotasunean, batez ere orain bizitzen ari garen egoera honetan. Nerabeekin ez ezik, guraso eta beste eragile batzuekin ere, harremanetarako bidea irekita jarraitzen duela adierazi nahi dugu.
Sutegi liburutegia: Hala da, uste baino pertsona gehiagok jotzen du guregana Whatsappez eta sare sozialen bidez (telefono finkoa ez baitaukagu eskuragarri), eta, jende askori eLiburutegirako sarrera bideratu eta azaltzen diogu.
Momentu honetan, etxean ditugun liburuak irakurtzeaz gain (oso ona hori ere!), digitalki irakurtzeko aukera ematen du eLiburutegiak. Laguntza behar duenak, guregana jo dezake Whatsapp bidez (688625477), Twitter bidez (@usurbib), Facebook bidez (@sutegi05) edo Instagram bidez (@sutegi05).
Gainera, arestian aipatutako bide horiek guztiak baliatuz, joan den urteko liburu eta pelikula mailegatuenen zerrendak hedatzen ari gara, horietako hainbat eLiburutegian eskuragarri daudenak. Beste gomendioren bat edo beste hedatu(ko) dugu.
KzGunea: Denbora daramagu urruneko formakuntza sustatzen, beraz Kzgunearen eskaintza, arlo horretan, bermatua dago. Bestalde, aurrez aurreko formakuntzako erabiltzaileak banan bana deitzen ari gara gure tutoretza zerbitzua telefonoz eskaintzeko. Hau da; edozein zalantza argitu eta berrogeialdiko egun hauetan sortzen zaizkien arazo teknologikoei irtenbidea emateko.
Konfinamenduaz
NOAUA! Maila pertsonalean, nola daramazue konfinamendu garai hau?
Gaztelekua: Egunak ditugu. Hasiera batean oreka (fisikoa, emozionala, mentala, ...) mantentzeko moduak bilatzen. Errutinak guztiz aldatzea, beste esparruetan ere eragina izan du eta hau dela eta, garrantzitsua ikusi dugu, ongizatea emango diguten bide berriak frogatzea: izerditzeko eta bihotzari behar duena eman zumba klaseekin, otordu eta lo ordutegiak mantentzea, balkoira ateratzea eguzki izpien D bitamina hartzera, gustatzen zaizkigun gauzak egiteko dugun denboraz disfrutatzea... Pixkanaka, egoera berri honi lekua egin diogu gure egunerokotasunean. Hala ere, beste batzuen artean, naturarekiko kontaktuaren falta sumatzen dugu: txangoak mendi eta basoetan barrena eta itsasoko olatuekin jolastea. Lagunekin musika kontzertuak ikustea eta Gaztelekuan gazteekin egotea baita ere. Guztiontzako animoak bidaltzen ditugu! Oraindik animoa ez zaigu falta eta.
Sutegi liburutegia: Ba denok bezala, etxean, etxekoekin, eta gurasoengan arreta jarriz; eta, noski, liburutegiko erabiltzaileei ahal den zerbitzu hoberena eskaini nahian.
KzGunea: Etxetik lana egin litekeela ikusi eta erronka berrietara egokitzeko ahalmena dugula konturatu gara eta gainera gure postu telematikoa martxan jartzeko balio izan du.
Maddi Aburruza.