Koronabirusa

14 urtetik beherakoen "paseoak" baimenduak igandetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 21a, 20:52

Paseoen inguruko nondik norako guztiak egunotan zehaztu asmo ditu Espainiako Gobernuak: distantzia, iraupena... Adituen aholkuak erabakigarriak izango dira. Asteazken honetan Espainiako Diputatuen Kongresuak maiatzaren 9ra arte luzatzea onar dezakeen alarma egoerak dakarren berrikuntza nagusia izango da. Espainiako Gobernuak zehaztu duenez, covid19-ari aurre egiteko bigarren fasean sartu da estatua.

Astearte iluntze honetan bertan Espainiako Gobernuko Osasun Ministro Salvador Illa agertu da hedabideen aurrera. Martxoaren 14az geroztik indarrean den alarma egoeraren harira, zenbait iragarpen egin ditu. Lehenik eta behin, covid19-aren kurbaren tontorra gainditzea lortu omen dela adierazi du ministroak. Honenbestez, bigarren etapan sartu da espainiar estatua. Hurrengo erronka, diagnostikaturiko kasuen kopuruaren kurba makurtzen joatea litzateke eta hori ere "lortzen ari gara" adierazi du, nahiz zeregin honetan denbora igaroko den.

Fase aldaketa honekin, Illak adierazi duenez, martxoaren 14an indarrean jarri zituzten neurriekin "asmatu genuen eta on egin die espainiar guztiei eta autonomia erkidego guztiei", adierazi du.

Paseoen baldintzak zehazteke
Datozen asteei begira zer? Momentuz, asteazken honetan (apirilak 22), Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek alarma egoera beste 15 egunez luzatzea eskatuko dio Diputatuen Kongresuari. Hau da, apirilaren 25era arte indarrean zen dekretua maiatzaren 9ra arte luzatzea. Iragarpen honekin osasun ministroak gogorarazi nahi izan duenez, "ez gaude deseskalatze prozesuan, konfinamendu fasean segitzen dugu".

Baina era berean, adierazi duenez, "hau entzuten dakien gobernu bat da". Hala egin duela asteotan,  hala egiten ari dela une honetan eta bide beretik segiko duela iragarri du Espainiako Gobernuak; bere esanetan, azken asteotako jarrera eredugarria erakutsi duen gizartea entzunez, "haiek gabe ez zen hau guztia egin ahal izango" onartu du Illak; eta zuhurtziaz, "guztion osasuna dago jokoan" adierazi du osasun ministroak.

Konfinamendu neurri batzuk arindu edo malgutzeko asmoa agertu du. Salvador Illak osasun ministro bezala zenbait eskumenen kudeaketa berreskuratuko duela iragarri du. Maiatzaren 9ra arteko alarma egoeraren luzapen berri honek ekarriko duen aldaketa nagusia, haurrak izango dira. Eta lehen agindua, 14 urtez azpiko haurrek igande honetatik bertatik, apirilaren 26tik aurrera, "paseoak" eman ahal izatea izango da. Ez du gehiago zehaztu. Paseoaren distantziak, iraupena... Baldintza guztion berri egunotan emango dutela, beti ere adituen aholkuak jarraituz. Kazetariek telematikoki egin dizkioten galderei erantzunez, eta azken orduotan gaiak eragindako ika-mikaren harira Illak adierazi du, paseatu ahal izateko haurrek ez dutela zertan saltoki edo denda batera sartu beharrik, nahiz heldu batek lagunduta egin ahalko duten.

Edozein kasutan, paseatzeko baimenari lotutako baldintzak egunotan zehaztuko dituztela iragarri du Illak. 

Maskaren gehienezko prezioa
Espainiako Gobernuak egin duen azken iragarpen bat. Salgai izango diren maskaren gehienezko prezioa finkatu du Osasun Ministroak. Maskara bakoitzeko, 0,96 euro BEZ-a barne dela. Maskara faltari buruz galdetu diote hedabideek Illari. Honatx bere erantzuna. Pertsonen arteko gutxieneko 2 metroko distantzia betetzen bada, eskuak sarritan garbitzen badira, eta erabiltzen ditugun espazio pribatu eta publikoetako higienea mantentzen bada, maskrak ez direla beharrezkoak izango. Baldintza hauek guztiak bete ezin badira, maskarak janztea aholkatzen duela.