Koronabirusa

Ikasleen zaintza sarea josten hasiak Udarregin eta Oriarten

Egunotan Ernairen Twitter bidez zabaldutako bideoan ezagutzera eman dituzten xehetasunen arabera, ikasleen zaintza sarea martxan jarri dute Udarregi Ikastolan eta Usurbil nahiz Lasarteko Oriarte Institutuan, ikasketetan laguntza jaso nahiz eskaini nahi duten ikasleentzat.

"Abian da hezkuntzako zaintza sarea!", hala dio Ernai gazte antolakundeak sareratu duen bideoak. Zaintza sare honi buruzko xehetasunak plazaratu ditu. Ikasleen artean partekatutako galdetegi batean izena eman behar da lehenik. Segidan, sarean partekatutako karpeten sistema baliatuta, Udarregi Ikastolako nahiz Usurbil-Lasarteko Oriarte Institutuko ikasle bakoitzak, dagokion mailaren eta laguntza jasotzea beharrezko lukeen arlo horretako karpetan sartu daiteke. "Arloetako karpetan sartu eta bertan txertatu ditzakezue dituzuen apunteak, eduki ezberdinak, etxeko lanak eta abar", berri eman dute hezkuntzako zaintza sareko sustatzaileek. 

"Bestetik, taula bat aurkituko duzue bertan laguntza eskatzeko aukera izango duzuela". Taula horretan zutabe bana dago, laguntza eskatzaileeena batetik, laguntzaileena bestetik. Zutabeetako batean norberak izena emanda, bestean laguntzeko nor duen prest adieraziko zaio. "Koordinatzaileak daude maila bakoitzean eta haiek arduratuko dira eskatzailea eta laguntzailea kontaktuan jartzen eta bata eta besteari dena delako laguntza hori ematen".

Laguntza sarea erabiltzeko gonbita luzatu dute. "Gu dena antolatzen eta zuei laguntzen saiatuko gara. Jarri martxan eta has gaitezen ikasle sare honi erabilpena ematen".