Koronabirusa

COVID-19 gaitzak hiztegiak eguneratzea eragin du

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 22a, 09:07

Covid-19ak gure egunerokoan hainbat hitz sarritan ahotan hartzera behartu gaitu. Honen isla argia dira, Elhuyarrek edota Euskaltzaindiak azken aldian plazaraturiko lanketak ere. Elhuyarrek bere hiztegiak etengabe eguneratzen ditu, azken aldi honetan, aipatu gaitzari lotutako lanketa betean da. Euskaltzaindiak "koronabirusaren oinarrizko lexikoa" plazaratu du.

"Koronabirusaren oinarrizko lexikoa"
UZEI-rekin elkarlanean (Terminologia eta Lexikografia Zentroa) osasungintzako profesionalei edota euskarazko hedabideei laguntzeko "koronabirusaren oinarrizko lexikoa" plazaratu du Euskaltzaindiak. Denon ahotan darabilgun gaia dugu covid-19a, "pandemia horrek denon bizitzetan dagoeneko izan duen eta izango duen eragina ere ez da nolanahikoa". Bizi dugun egoerak hitz berri anitz ikasi beharra ekarri du "eta ohikoenak jasotzeko saioa egin du Euskaltzaindiak UZEIrekin batera prestatu duen lexiko berrian". Euskaltzaindiak ohartarazi duenez, gai honi buruzko oinarrizko lexikoa, "gaiarekiko lehen hurbilpen-saioa baino ez da, eta, beraz, ez da prestatu exhaustiboa izateko helburuarekin". 

Lanketa honetarako iturri gisa baliatu ditu Euskaltzaindiak, erakundearen hiztegia, Euskalterm terminologia-banku publikoa edota euskarazko hedabideek gai hau jorratzerakoan "nagusi den erabilera".

Euskaltzaindiaren oinarrizko lexikoaren zerrenda horretan aurki ditzakegu, antibiriko, arnasgailu, asintomatiko, bakartu, berrogeialdi, COVID-19, erantzun immunitario, etxeratze-agindu, gaixotasun-bektore, immunitate, inkubatu, karga biriko, konfinamendu, koronabirus, maskara, nazioarteko osasun-larrialdi, NBE (Norbera Babesteko Ekipamendu), pandemia, proba diagnostiko, talde-immunitate, test azkar, zainketa intentsiboetako unitate ZIU edota zoonosi. Dokumentu honetan jaso du Euskaltzaindiak, "koronabirusaren oinarrizko lexikoa": Euskaltzaindia

Elhuyarren hiztegien eguneraketa
Etengabe eguneratzen ditu Elhuyarrek bere hiztegiak eta eguneraketon berri eman ohi du sare sozialen bidez. Azken hilabeteotan jakinarazi duenez, "COVID-19 gaitzak eragin duen egoerari lotutako hiztegia eguneratzen aritu gara". Eta aberasten. Datu bat; otsaila hasieran, "lau sarrera genituen Elhuyarren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoan". Honako hauek: koronarbirus, arnas sindrome akutu larri (SARS), Ekialde Hurbileko arnas sindrome (MERS) eta birus bilgarridun. 

Nazioartean izendatu eta segituan, proposatu zuten COVID-19arentzat, koronabirusak eragindako gaitza izendatzeko "euskarazko ordaina": "2019-nCoV arnas gaixotasun akutu edo COVID-19".

Ordutik, astez aste terminologia aberasten segi dute eta bide beretik jarraituko dute. "Zerrenda luzatuz joango da, eta goialdean agertuko dira azkena eguneratutakoak. Nagusiki, euskarazko eta gaztelaniazko hiztegi-sarrerak eguneratu ditugu, baina haietako batzuek dagoeneko badituzte frantsesezko eta ingelesezko ordainak ere. Egin klik hitz bakoitzaren gainean, eta zuzenean sartuko zara Elhuyarren hiztegien webgunean". Hemen duzue helbidea: hiztegiak.elhuyar.eus

Azken asteotan hiztegiotara batu diren terminoen artean ditugu, pandemia, alarma-egoera, koronabirus, zainketa intentsiboen unitate, arnasgailu, osasun-langile, EPI, kurba, test azkar, karga biriko, erantzun immunitario...