Gipuzkoako "lehendabiziko" izokin emea Orian sartu zen apirilaren 20an, aste hasiera honetan beraz. 6,7 kiloko izokin emea hain zuzen ere.
Inork ez du arrantzatu, izokinen arrantza debekatua baitago Gipuzkoan. 27 urte daramatza Gipuzkoako Foru Aldundiak espezie hau berreskuratzeko lanetan. Aste hasierako aipatu izokina, neurtu, pisatu eta izokina markatzeko baliatu zuen Foru Aldundiak. Gero uretara itzuli zuten.
Habitata hobetzen
1993. urtean abiarazi zituen Foru Aldundiak izokinak berreskuratzeko lanak Urumean eta 1995ean Usurbil zeharkatzen duen errioan. Bi ibai hauetan askatu dira urteotan, Bidasoan hazitako izokin alebinak. Orian, Orbeldi parean 58 izokin urtero bataz beste azken 10 urteotan; Urumean, Hernaniko Elorrabi inguruan, 181 izokin urtero bataz beste azken hamarkadan. Iaz, 10.550 kume aske utzi zituzten Urumean, 8.782 Orian.
Urteotan arrain hauen habitata hobetu dela adierazi dute Gipuzkoako Foru Aldunditik, eskalak eraitsiz, ur-emaria bermatuz, eta Irungo arrain-haztegia egokitu eta hobetu dute. Oiartzun ibaian ere izokina sartzen ari dira urteotan, Irungo haztegiko arrainekin.
1940. urte aldera desagertu zen izokina Orian, baita Urumean ere. XIX. mendera arte atlantiar izokina errioan barrena ikustea ohikoa zen. Gerora ordea, industrializazioak eta garai horrek ekarritako ur kutsadurak eta presen eraikitzeak espeziea desagerrarazi zuen, Bidasoan izan ezik.