Gelditu, hausnartu eta erabakitzeko solasaldi digitalen zikloa iragarri du Gure Eskuk

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 22a, 08:24

Bizi dugun osasun krisiaren aurrean hartu beharreko norabidea herritarrek erabaki behar dutela defendatuta, solasaldi digitalen zikloa iragarri du Gure Eskuk apirilaren 23tik aurrera. Bestalde, konfinamendua indarrean jarri bezperatan plazaratu zuten "Hamaika Gara" ekimena udazkenera arte luzatuko duela iragarri du erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimenduak.

Krisialdiak aurreko ereduetan sakondu edo bide berriak jorratzeko inflexio puntuak direla adierazita eta "norabide bat ala beste hartu, herritarrok erabaki beharko genukeela sinestuta", "Gelditu. Hausnartu. Erabaki" solasaldi digitalen zikloa iragarri du apirilaren 23tik maiatzaren 7ra; kultura, espazio publikoaren itxiera, gobernantza ereduaren krisia, elikadura eta kontsumoa, eta sistemaren krisia hizpide izango dituen bost saio guztira. Ordu erdiko saio bakoitzean bizpahiru hizlariek parte hartuko dute, "dagokien gaiari buruz egiten duten egoeraren analisia eta euren ustez behar diren aldaketak eta hartu beharreko erabakiak partekatuko dituzte". Segidan duzue egitaraua.

"Hamaika Gara", udazkenera arte
Solasaldi digitalen zikloarekin batera, bazkidetza kanpaina bat abiaraztekoa da laster Gure Esku, "komunitatearen babesa indartzeko asmoz". Bestetik, gogoan izan, konfinamendua indarrean jarri bezperatan, erabakitze eskubidea arautzea helburu izango duen errefendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa abiarazi zuen Gure Eskuk hainbat eragile sozialekin elkarlanean martxoaren 11n, "Hamaika Gara" egitasmoaren baitan. B

Bizi dugun egoeraren eraginez ordea, udaberri parte honetarako aurreikusia zuen kanpaina udazkenera arte luzatzea erabaki du Gure Eskuk. Osasun krisia bere onera etortzen hastean, kanpaina digital bat martxan jartzekoak dira. Bitartean, aipatu erreferendumaren alde sinatzeko aukerak zabalik segiko du hamaikagara.eus atarian. 

GURE ESKUREN HITZALDI ZIKLOA
Apirilak 23, osteguna
19:00 "Kultura: apustu egiteko garaia".
Hizlariak: Garbiñe Ubeda idazlea eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria, Gotzon Barandiaran idazlea eta kulturgilea, eta Hedoi Etxarte idazlea eta Katakrak liburu dendako kidea.

Apirilak 28, asteartea
19:00 "Espazio publikoaren itxiera"
Hizlariak: "Mario Zubiaga politologoa, EHUko ikertzaile eta irakaslea, eta Gure Eskuren Zuzendaritza Kontseiluko kidea eta Xabier Barandiaran soziologoa, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta GFAko estrategia arduraduna".

Apirilak 30, osteguna
19:00 "Gobernantza ereduaren krisia" (gaztelaniaz).
Hizlariak: "Jaume Lopez Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslea eta Zelai Nikolas legelaria eta Gure Eskuren Zuzendaritza Kontseiluko kidea".

Maiatzak 5, asteartea
19:00 "Elikadura eta kontsumoa: teoriatik praktikara".
Hizlariak: "Gotzone Sestorain Zabaleta baserritarra eta Etxalde sindikatuko eta Leitzeko kontsumo taldeko kidea, eta Mirene Begiristain Zubillaga ekonomilaria, EHUko ikertzaile eta irakaslea, eta EH Kolektiboko zein OlatuKoop kooperatiba sareko kidea".

Maiatzak 7, osteguna
19:00 "Sistemaren krisia" (gaztelaniaz).
Hizlariak: Amaia Perez Orozco ekonomialari eta aktibista feminista eta Jule Goikoetxea filosofo politikoa, ikertzailea, irakaslea eta aktibista feminista.

Hitzaldi zikloa zuzenean ikusgai baita gerora ere, hemen: Gure Esku

Informazio gehiago: gureesku.eus
Antolatzailea: Gure Esku.