Koronabirusa

Michelinek Covid-19az kutsatzeko arrisku handia duten langileak lanera deitu dituela salatu du ELA-k

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 22a, 10:02

Besteak beste, 60 urtetik gorakoak edota osasun arazoak dituztenak daude aipatu enpresako zuzendaritzak lanera deitu dituen langileen artean, ELA sindikatuak ohar bidez salatu duenez.

Gogoan izango duzue; bi asteko jarduna etetea agindu ostean, apirilaren 14an industria edota eraikuntzaren sektoreko lantegiei berriz ere martxan jartzeko aukera baimendu zien Espainiako Gobernuak. Tartean Michelin lantegiari. ELA sindikatuak ohar bidez salatu duenez ordea, COVID19-az kutsatzeko arrisku handiena duten langileak lanera deitu ditu enpresako zuzendaritzak; tartean, besteak beste, 60 urtetik gorako langileak baita osasun arazoak dituztenak ere. "Jarduera horien bidez agerian geratzen da, enpresak ekoizpena langileen osasunaren aurretik jartzen duela". 

Michelingo lan taldearen zati batek ERTEan segitzen du. Gainerakoek lanean. "Langileen zein haien familien osasuna lehenestea, lantegian kutsatzeak saihesteko neurri guztiak hartzea eta arrisku egoeran dauden langileek instalazioak ekiditea" galdegin du ELA-k.

Kezka eta beldurra
Kezka eta beldurra adierazi zituen Michelingo Lan Batzordeko LAB sindikatuko ordezkari Jon Martinek, Michelingo lan jarduna berriz abiaraztera zihoala Naiz Irratiari eskaini zion elkarrizketan. Lanerako itzulera prestatzeko hainbat bilera egin arren, enpresaren irekiera alde bakarrez hartu zuen zuzendaritzak eta "guk ez diogu zentzurik ikusten eta kezkatuta gaude", zioen Martinek. Lanean hasteko goiz zela irizten zion, "ez gaudela prest lana modu ziurrean eta gizarteari eragingo ez dion moduan egiteko". Kutsadurarik egongo ez denik ezin dutela bermatu zioen.

Erabaki egokiena bere esanetan, "oso argi geratzen da konfinamenduan egon behar badugu konfinamenduan egon behar dugula eta ez lantokietan".  Une honetan, lantokien jarduna berriz abiarazita, "enpresak interes ekonomikoak osasunari lehenesten dizkio, ez du lehenesten langileen, euren senitartekoen eta gizarte osoaren osasuna".