Koronabirusa

Elikagaien postuekin itzuli da asteazkeneroko azoka

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 22a, 12:24

Covid19-ak etendako asteazkeneroko azoka itzuli da gaur Usurbila, elikagaiak saltzen dituzten postuekin soilik. Postuok dira gaurkoz, kalean saltzeko baimena duten bakarrak.

Tradizio luzeko azoka Askatasuna plazara itzuli da asteazken honetan (apirilak 22). Eguneko albistea da hau Usurbilen, covid-19ak eten baitzuen martxoa hasieran. Elikagaiak saltzeko postuen azoka baimendua dago gaurkoz. Postuok soilik saldu ditzakete produktuak. Usurbilen izatez lau dira elikagaiak saldu ohi dituzten postuak, baina momentuz hiru dira gaurkoz Askatasuna plazara hurbildu direnak. Herritarrak, tantaka hurbildu zaizkie produktuak erostera.

San Ixidro eguneko ospakizunak bertan behera
Alkartasuna Baserritarren Kooperatibak eman du erabakiaren berri. Aurten ez da San Isidro eguna ospatuko. Datorren urtekoa gogo handiagoz prestatuko dutela jakinarazi dute prentsa-ohar bidez.

“Bizitzea tokatu zaigun egoera berri honetan, eta nahiz eta denbora pasatzen utzita ere egoera ez denez konpontzen, Usurbilgo Udalak eta Usurbilgo Alkartasuna Baserritarren Kooperatiba Elkarteak antolatzen dugun San Isidro eguna bertan behera geratuko da aurtengoan.

Irrikitan gaude datorren urtean berriro itzuliko den San Isidro eguna ospatzeko, eta oraindik ere gogo handiagoz prestatuko dugu”.

Familiako baratzeetan mugekin lan egin daiteke
Eusko Jaurlaritzak jasotako azken irizpideei jarraiki, familiako baratzeetan lan egin daiteke baina beti ere behar-beharrezkoa den denbora tartean eta
Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak beteta, Udalak ohartarazi duenez. “Elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere”. Baratzeetan ezingo da inolako ekitaldi edo ospakizunik egin. Bigarren bizilekuko baratzeak ez dira baimen honetan sartzen.

Usurbili dagokionez, Agerreazpiko udal-baratzeetako erabilera arauak ere irizpide horietara egokitu ditu Udalak. "Hala, toki komunak itxita egon arren, txanda sistema bat ezarri du, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko; ohiko bideetatik jakinarazi zaizkie arau zehatzak", ohartarazi du Udalak.

Familiako baratzeetan lan egin ahal da?
Bai, baldin eta hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira. Bigarren bizilekuan dauden baratzeak ez dira baimen honen barruan sartzen. 

Elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere.

Lurzoruan bertan edo hor dauden instalazioetan (behin betikoak zein aldi baterakoak izan) ezin da inolako ekitaldirik edo ospakizunik egin.