Gemma sortzez Guadalajarakoa da, urte hasieratik Euskal Herrian da. Peio añorgarra. Biak Usurbilen bizi dira eta erabakia hartu dute. Guztia prest dute biharko. "Etxealditik Euskaraldira erronkan parte hartuko dugu", iragarri dute Euskaraldia Usurbilek plazaratu eta albiste honi atxikia duzuen bideoan iragarri dutenez.
Erronka honi heltzeko konpromisoa hartu dute. Apirilaren 24an hasita, astebete iraungo duen "Etxealditik Euskaraldira" ziklorako finkatu duten helburuaren berri eman dute. "Pixkanaka euskara erabiltzen joango gara, Gemmak konfiantza hartu dezan. Eta eguneroko ohituren inguruan elkarrizketa bat euskaraz mantentzen saiatuko gara".
Erronka hau betetzeko egutegi bat diseinatu dute. Gai zehatzak jorratzeko ekintzak programatu dituzte bertan; apirilaren 24an jolasa euskaraz, hilaren 29an kirol jarduera... Egutegi horretan "joango gara apuntatzen ditugun zailtasunak, zalantzak eta abar".
Ekimen honen laguntzaz, "Gemma hiztegia ikasten eta pixkanaka menperatzen eta euskaltegian ikasitakoa lantzen joango da".
Bi lagunon gonbita gainerakooi. "Elkar ikusiko dugu, animo asko eta eman gogor erronkari!".
Prestaketa lanak
Ostiralean Euskal Herri osora hedatuko den ekimenarekin bat egin du Usurbilek ere. Bi helburu bete nahi dira; "etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz". Azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldirako entrenamendu gisa planteatzen dute ariketa hau.
Guztia prest izateko taula bat osatzea proposatzen digute, egunotan ditugun harremanekin, eta harremanotan baliatzen dugun hizkuntza adieraziz. Gure hizkuntza ohiturak egunez egun eta norekin ditugun zehaztuko duen taula bat osatzea alegia. Diagnosi moduko bat marraztuko dugu hartara. Etxeko balkoi eta leihoetan puntu koloretsu bat jartzera animatzen gaituzte, "Etxealditik Euskaraldira" ekimenean parte hartzera goazela adierazteko. Eta adi, apirilaren 24tik 30era, egunero bideo bidez, ditugun hizkuntza ohiturak finkatzen edo aldatzen eragiteko proposamenak jasoko ditugu.
"Etxealditik Euskaraldira"
Iraupena: apirilak 24-apirilak 30.
Egutegia:
-Apirilak 24-30: hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketak. Egunerokotasunean oinarrituriko zazpi ideia-proposamen, egunero bat.
Informazio gehiagorako:
usurbil.euskaraldia.eus
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Instagram: @euskaraldiausurbil