Udajolas antolatzen hasiak gara

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 23a, 12:20

Beste hainbat udalerrietan bezala, udako txokoak antolatzen hasiak gara Usurbilen ere. Baldintzak beteko balira, Udajolas izango dugu aurtengo uztailean. Izen ematea maiatzeko lehen hamabostaldian bideratuko dugu; hori bai, aurten ezinbestean, online bidez. Udajolas egiterik ez balego, ordaindutako kuotaren %100a itzuliko da. 

Ikusteke dago noski uztailean zer nolako egoera biziko dugun, aurrerago jakiteko moduan izango gara aisialdi ekimen hau bideratu ahal izateko baldintza egokirik dagoen edo ez. Baina momentuz, beste hainbat udalerrietan egiten ari diren moduan, Usurbilen ere Udajolas antolatzeko prestaketa lanak abiatu dituzte NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak. Koronabirusak eraginda bizi dugun egoerari begira, ekimena gauzatzeko bermerik ez dugunez, izen emateak bideratu ostean udalekuak egiteko modurik izango ez bagenu, ordaindutako kuotaren %100a itzuliko da.

Atari honetan bertan, "Udajolas" izeneko kanala sortu dugu gai honi lotutako argibideekin. Xehetasun gehiago ematen joango gara egunotan. Lerrootan, gaurkoz aurreratu ditzakegun datuak aurreratuko dizkizuegu.

200 lagunentzat
Maiatzeko lehen hamabostaldian bideratuko dugu udako txokoetako izen ematea. Une honetan bizi dugun egoera tarteko, inskripzio aldian aldaketa nabarmen bat izango da. Ezingo da NOAUA! Kultur Elkartean Udajolaserako izena eman, Bordaberri 3ko egoitza itxia baitugu. Honenbestez, online bideratu beharko dira inskripzioak. Epea finkatua dugu; maiatzaren 1etik 15era (bi egunok barne). Iaz bezala, 4-12 urte arteko haur eta gazteei zuzendua dagoen eskaintza da Udajolas; 2019-20 ikasturtean HH 3-LH6 maila artean ikasten aritu direnentzat. Iaz bezala, gehienez 200 lagunentzako lekua izango da.

Uztailaren 6an abiatu asmo dugu Udajolas eta uztailaren 30ean amaituko da. Ordutegia ohikoa; 9:30-13:30 artean, astelehenetik ostiralera. 2020ko kuota 85 eurokoa izango da, familia ugarientzako prezioa 69 eurokoa. Ordainketak Laboral Kutxako kontu zenbaki honetatik bideratu beharko dira, maiatzaren 1etik 15era, haurraren izen abizenak adierazita:
ES28 3035 0140 34 1400025811 (Usurbilgo Udaleko kontua)

Udajolaseko lan-poltsa
NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko Udajolas ekimenerako zuzendari eta begiraleen lan-poltsa osatu nahi dugu. Interesdunentzat hemen, deialdi honetan parte hartzeko bete beharreko baldintzak:
-2 hilabeteko esperientzia.
-Begirale titulua izatea/Zuzendari titulua izatea.
-EGA edo baliokidea den agiria.
-Sexu delitua egiteagatiko aurrekari penalak ez dituela egiaztatzen duen ziurtagiria.
-Usurbildarrek izango dute lehentasuna.

Curriculum-ak eta agiriak, maiatzaren 10a baino lehen helbide honetara bidali:
elkartea@noaua.eus