"Prest zaude #EtxealditikEuskaraldira ekimenak dakartzan proposamenei heltzeko?! Hemen duzu lehenengoa! Ostirala dela kontuan izanda, eta inolako adin mugarik izan gabe, taldean, familian, lagunartean edo bakarka... baina egin diezaiogun tarte jolasari, euskaraz!", hortxe "Etxealditik Euskaraldira" astebeteko ekimen zikloa abiatzeko apirilaren 24 honetarako egin zaigun proposamena.
Hemen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldearen mezua:
"Jolastu etxean, jokatu Euskaraldia!"
Kaixo, Euskal Herriko haur, guraso, familia eta herritarrak. Sudurgorrion mezu hau ahobizi eta belarriprest guztiontzat da!
Etxean gauden egun honetan, euskaraz jolastera gonbidatu nahi zaituztegu denak.
Jolasa sormena, da, norbere ezagutza eta garapena. Mundua, ingurua deskubritzea, eta batez ere, ongi pasatzea.
Jolasa, euskara eta poza ere bada. Piztu eta poztu, etxeko giroa egunero euskaraz! Kantuan, dantzan, margotuz, mozorrotuz, kartetan, mahai jokoetan... Euskara eta jolasa, gure arnasa!"
Proposamen bat egunero
Ostiral honetan Euskal Herri osora hedatuko den ekimenarekin bat egin du Usurbilek ere. Bi helburu bete nahi dira; "etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz". Azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldirako entrenamendu gisa planteatzen dute ariketa hau.
Guztia prest izateko taula bat osatzea proposatzen digute, egunotan ditugun harremanekin, eta harremanotan baliatzen dugun hizkuntza adieraziz. Gure hizkuntza ohiturak egunez egun eta norekin ditugun zehaztuko duen taula bat osatzea alegia. Diagnosi moduko bat marraztuko dugu hartara. Etxeko balkoi eta leihoetan puntu koloretsu bat jartzera animatzen gaituzte, "Etxealditik Euskaraldira" ekimenean parte hartzera goazela adierazteko. Eta adi, apirilaren 24tik 30era, egunero bideo bidez, ditugun hizkuntza ohiturak finkatzen edo aldatzen eragiteko proposamenak jasoko ditugu.
"Etxealditik Euskaraldira"
Iraupena: apirilak 24-apirilak 30.
Egutegia:
-Apirilak 24-30: hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketak. Egunerokotasunean oinarrituriko zazpi ideia-proposamen, egunero bat.
Informazio gehiagorako:
usurbil.euskaraldia.eus
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Instagram: @euskaraldiausurbil