Xuarekin batera etxean behar zuten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoei idaztera animatzen dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, baita Ernai Usurbilek ere. “Biderkatu dezagun elkartasuna! Etxean nahi ditugulako, maite ditugulako. Argitu ditzagun ziega ilun horiek elkartasun hitzez! Idatzi presoei!”, luzatu dute gonbita Ernaitik. Aranjuezeko espetxean dira Olatz eta Patxi:
Olatz Lasagabaster Anza
Centro Penitenciario Madrid VI-
Modulo F2
Carretera N-400, km 28
28.300 Aranjuez (Madrid)
Patxi Uranga Salbide
Centro Penitenciario Madrid VI-
Modulo 1
Carretera N-400, km 28
28.300 Aranjuez (Madril)
"Espetxeetako bizi baldintzak askoz gogorragoak dira orain"
“Gogorra izaten ari da”. Hala adierazi zuen hunkituta, Olatz Lasagabasterren ama Mari Karmen Anzak ETB-ren joan den asteko “Ur Handitan” saioan eskaini zuen elkarrizketan. Gurasoekin egon nahi duen Xua bilobarekin bizi da. Espetxealdiaren hiru laurdenak beteta aske behar zuten arren, 2021eko ekainerako dute irteera data Olatzek eta Patxik. Otsailean Valentziako Picassentetik Madrilgo Aranjuezeko espetxera lekuz aldatu zituzten.
Covid19-aren eragina bizitzen ari dira egun. “Baldintzak askoz gogorragoak” direla dio Anzak. Preso dituen senideen edozein eskaerari ezezkoa ematen dietela, edo ez dute erantzunik jasotzen. Olatz haurdun dago, uztaila amaieran jaioko da haurra. “Ia arroparik gabe dago”, bere amaren esanetan, Picassenteko espetxetik apenas eman dieten eta arroparik. Espetxeko funtzionario bati koronabirusa martxoaren 5ean diagnostikatu ziotenetik ezin izan du bisitarik jaso Olatzek, Patxik konfinamendua hasi zenetik. “Bisitatu ezina oso gogorra da eta oso gaizki pasatzen da”, Mari Karmenen esanetan. Olatz eta Patxi elkarren artean elkarrekin komunikatu eta egon ezinik dabiltza gainera.
Deseskalatzea hastean, ahal bezain laster presoak hurbiltzeko eskaera
Pandemiak eragindako ondorio mingarriak areagotzen doazen honetan, ezinegonez eta beldurrez bizi dute euskal presoen senideek espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan dituzten senide presoen egoerak. 40 egun baino gehiago irauten ari den konfinamendu egoera honetan, "nazioarteko erakundeek gomendatutako neurri espezifiko bat bera ere ez da abian jarri" salatu du Etxerat-ek.
"Ez da espetxeetako superpopulazioa murriztu nahi izan, baldintzapeko askatasun-egoeran dauden presoak kartzelatik ateraz eta askatasunik gabeko zigorren ordezko neurriak bilatuz. Ez dira aske utzi arrisku handieneko bi taldeetako presoak, hau da, gaixotasun larriak dituztenak eta 65 urtetik gorakoak. Zerbitzu medikoak ez dira indartu, berez eskasak baitira. Presoei ez zaie prebentzio, babes eta desinfekzio elementurik eman. Espetxeetako agintariek hartutako neurri bakarrak kartzela zigorrak areagotu eta familia-loturak murrizten dituztenak izan dira, baina ezta bat ere ez da izan espetxean dauden pertsonak kutsatzeko arriskua murrizteko helburuarekin".
Deseskalada prozesua hasitakoan ere bidaia luzeak murriztuak izango dira espetxeetako bisitak berriz ezartzen direnean. "Horregatik uste dugu, ahal bezain laster, presoak hurbildu behar direla. Ahal bezain laster, gehiago luzatu gabe".