Jose Luis Zumetaren heriotzaren berri izan bezain laster, bizi dugun konfinamendu egoeran indar handia hartu duten sare sozialak sortzaile usurbildarrari gorazarre egiteko hedabideetan bilakatu ziren ostegun arratsaldean. Biharamun honetan, herri erdigunean, frontoian sortu zuen mural handiaren parean, Zumetaren irudi bat jarri eta loreak eskaintzen aritu zaizkio herritarrak azken orduotan. Lore eskaintza horretara batu da Usurbilgo Udala. Udalbatza osatzen duten hiru udal taldeetako (EHBildu, EAJ eta PSE) ordezkariak ere lore eskaintza horretara batu eta omenaldi xumea egin diote artista txokoaldetarrari. Bakoitzak lore bana utzi dio, artistaren irudiaren eta muralaren oinean.
Udalak plazaratu eta albiste honi atxikitako bideoan duzue unea. Oraingoz, bizi dugun konfinamendu egoeran besterik ezin da egin eta. Halere, Udalak iragarpen argia egin du; bizi dugun ezohiko egoera kontuan izanda, "Zumeta agurtzeko moduetako bat izan da". Ez bakarra.
Oroimen liburua
Konfinamendu egoera honetara egokituriko liburu zuri bat ireki du Udalak, herritarrek bere mezuak helarazi ditzaten, bere garaian, Joxan Artze edota Mikel Laboa hil zirenean egin zuen moduan. Herritarrek nahi duten formatua baliatuta, Udalari mezuak helaraztea galdegin dute, asteburu honetan bertan; "argazkiak, testuak, marrazkiak, bideoak... edozer izan daiteke". Mezuok gero bideo batean argitaratu asmo dituzte hurrengo egunotan. Mezuok bideotatik helarazi daitezke:
komunikazioa@usurbil.eus
688 602 207 (WhatsApp bidez)
Aurrera begira, bizi dugun konfinamendu egoera aldatzen denean eta baldintzek ahalbidetzen dutenean, Jose Luis Zumetari herri omenaldi handiagoa egingo zaiola iragarri du Usurbilgo Udalak.
Lore eskaintzan grabaturiko bideoarekin ondoko adierazpena plazaratu du Usurbilgo Udalak:
USURBILGO UDALA
Usurbilek, Euskal Herriak eta oro har kulturak itzal handiko artista galdu dute. Jose Luis Zumeta eta Usurbil binomio banaezina da. Sinbiosi sakona izan dugu betidanik. Usurbilgo Txokoalde auzoan jaioa, gertuko pertsona zen Jose Luis. Nahiago izaten zuen jendetzatik aparte ibili, arrabots handirik gabe, bere erritmoan, bere estiloan, askatasunean. Bere apalean ordea arrasto itzela utzi du han eta hemen, eta zer esanik ez Usurbilen, gure herriaren izaerari arnasa emateraino.
Zumetaren mundu artistikoa osagai ezinbestekoa da gure herri iruditerian. Bere obra izengabeek Usurbilgo eta usurbildarron bihotza okupatu dute. Frontoi atzeko murala, egun Mikel Laboa plaza dena, Txikierdi auzoko arte estudioa. Han hemen, nonahi ageri da gure bazterretan Zumetaren izenpean. Izan ere ez da kasualitatea Usurbilek euskal sorkuntzarekin duen harremana eta konpromisoa. Gure herriko artista handiei zor dieguna, Artze anaiei eta Jose Luis Zumetari besteak beste.
Zumeta-Artze-Laboa, hirukote horrek markatu gaitu. Zorte izugarria izan dugu hiru pertsona horiek gure parean, gure herrian tokatu izana. Luxua eta ohorea.
Zumetak arte garaikidearen haize frexkoa ekarri zigun. Artean, diktadura frankistaren uztarpean ginela. Sorkuntza artistikoan sakontasuna eta berrikuntza eskutik doazela erakutsi digu behin eta berriz. Piezaz pieza obra ezin aberatsago batean. Bide berrien esploratzailea, langilea eta emankorra. Kalitatearen ikurra izan da Jose Luis Zumeta. Arte sorkuntza eta konpromiso soziala lotu zituen askotan gainera, herrigintzaren jira miran. Horren isla da, Gaur eta Ez Dok Amairu taldeetako partaide izatea. Hamaika talde eragile eta egitasmoetako afixak eta irudiak sortu izana. Mikel Laboaren azalen egilea izatea edota Artzeren xoriak marraztu izana.
Bat batean utzi gaitu Zumetak, apirilaren 22an joan zaigu. Hala nahi izan du halabeharrak. Gernikako bonbardaketaren urteurrena gain gainean dugula. Gernikaren eta bere obra guztiaren indarra geratzen zaigu ordea usurbildarroi eta euskaldunoi. Gaur Gernika lan gogoangarriak adierazten duen mina sentitzen dugu euskaldunok. Joxe Luis joan zaigu baina bere obra hilezkorra da.