Zubietako erraustegia

Babes zabala jasotzen ari da, kutsaduraren aurka osasun alarma pizteko igandeko deialdia

Asteburua heltzearekin batera, kea darion Zubietako erraustegiak eragindako kutsaduragatik ere osasun alarma egoeran gaudela salatzeko sirena hotsak herrian barrena hedatzeko gonbita luzatu du gai honekin kezkatua den herritar taldeak; ohi bezala, larunbat eta igande eguerdiko 12:00etan. Baina adi; biharkoa (apirilak 26) berezia izango da. Usurbil ingurukoa soilik ez, kutsaduraren aurkako sirena pizteko deialdia Euskal Herri mailakoa izango baita. Osasun alarma piztearekin batera, herritarrei bihar, leiho eta balkoietan oihal beltzak jartzera deitzen zaie.

"Biharko balkoian oihal edo xingola beltza jartzeko deialdia egina dago, kutsaduragatik Euskal Herrian urtero hiltzen diren 2.500 lagunengatik eta Covid19aren eraginez hildakoengatik. Has gaitezen gaurtik giroa berotzen!", luzatu du gonbita biharko hitzordua deitu duten herritarrek. 

Igande eguerdiko 12:00etarako sirena hotsak pizteko deialdia egin dutenak, Petronor eta Gueñeseko Biomasa erreketa jarduerok hurbil dituzten Zalla-Güeñes, Muskiz eta Abanto Zierbanako herritar eta elkarteak, eta Zubietako erraustegia hurbil duten inguruotako (Usurbil, Lasarte-Oria eta Zubietako) herritarrak dira.

Eragile anitzen babesa
Hitzorduak babes zabala jaso du jada; deitzaileek baieztatu dutenez. Eragileona: Azkoitiko Azkarate Garbi, Andoaingo Ipar Haizea, Eguzki, EHNE, Ekologistak Martxan Bizkaia, Elkar-Ekin (Azpeitia), Ernai, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, EHBildu, EA, OEIT (Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea), Gueñes Bizia, Kima Berdea (Abanto Zierbana), Friday For Future, Goierri Bizirik, GuraSOS, Aire Garbia (Lasarte-Oria), Meatzaldea Bizirik, Podemos Euskadi, STEILAS, Trintxer Elkartea (Pasaia), Zalla Bai.

Kutsaduraren eragin kezkagarria
Osasun alarma pizteko deia egin dute apirilaren 26an; ez dute hautatu edozein egun. Gernikako bonbardaketaren eta Chernobylgo istripu nuklearraren urtemuga eguna hautatatu dute sirenen hotsak hedatzeko. 

Gogoan izan, inguruotan apirila hasieratik, kea darion Zubietako erraustegiagatik ere osasun larrialdi egoeran garela salatzeko sirena hotsak pizteko deialdia sarritan egin duela gai honek kezkaturiko herritar taldeak. 

Hilaren 26ko ekimena agerraldi bidez plazaratu dute ostegun honetan. Gogorarazi dutenez, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, kusadurak munduan 5,5 milioi pertsona hiltzen ditu urtero, 800.000 Europan, 40.000 espainiar estatuan eta 2.500 inguru Euskal Herrian.

COVID19a kaltegarriagoa, kutsadurak eragindako gaixotasunetan
Ezagutzera eman dute baita, AEBtako Osasun Publikoko Harvardeko T.H Chan fakultateak apirilaren 5ean argitaraturiko txostena. COVID19-ak apirilaren 4ra arte eragindako heriotzen %90a erregistratu diren AEB-tako 3.000 konderrietako datuak jaso dituzte. "Zehazki aztertu dituzte beren tamaina txikiagatik biriketan sakon sartzen diren partikula finen eraginak, eta haiek biriketatik gainerako organoetara banatzen dira zirkulazio sistemaren bitartez. Bihotz-biriketako gaitz kronikoak sorrarazten dituzte  (Biriketako Gaixotasun Kroniko Buxatzailea, BGKB esaterako) eta minbizia sor dezaketen alterazio genetikoak".

Azterlan honen arabera, kutsadurari lotutako gaixotasunak dituztenengan, COVID19a 20 aldiz hilkorragoa izan daiteke. Beste modu batera esanda, "azterlanak ondorioztatu du Covid19a askoz hilkorragoa dela zenbat eta kutsadura gehiago egon". Azterlan honen egileetako baten arabera, "suspentsioko partikulekiko esposizio luzeko batez bestekoan unitate bakar bat gehitzeak , Covid19aren ondoriozko hilkortasun tasan %15eko igoera dakar”. 

Partikula hauen eta bestelako gaixotasunen artean dagoen lotura %0,7 den artean, aldiz, "PM2,5 partikulekiko esposizioaren eta Covidekiko hilkortasunaren arteko erlazioa, berriz, 20 aldiz handiagoa da. Kutsadurak Covid19aren kasuan bereziki eragitearen arrazoia da partikula finek sortzen dituzten gaixotasunak direla hain zuzen Covid19aren kaltea asko areagotzen dutenak”.

Ikerlan honen egileen esanetan, osasunarentzat kaltegarriak diren partikula finekiko epe luzeko esposizioak eragiten dituzten osasun arazoak dituztenen artean daude hain zuzen, "suspentsioko partikula finekiko luzaroko esposizioa" tarteko, azken aldian sarritan entzuten ditugun "biriken inflamazioa eta potentzialki sistema kardiobaskularra". Honek COVID19a batuta, osasun egoera larriagotu dezake. 

Herritar taldeok egiten duten ohartarazpena argia da beraz; "zenbat eta kutsadura handiagoa, orduan eta COVID19aren hedapen handiagoa". AEB-k egin bezala, berri eman dutenez, Carlos III. Institutua ere kutsadura COVID19aren hedapenean eragiten ari ote den aztertzen ari da AEMET meteorologia agentziarekin elkarlanean. "Azterlan eta estatistika horiek PM 2,5 partikula finetan eta txikiagoetan oinarrituta daude, eta hain justu horietxek dira biomasa plantek, erraustegiek, zabortegiek eta erregai fosilen errekuntzek igortzen dituztenak airera, deitzaileek euren herrietan salatzen duten bezala".

Kutsaduraren deseskalatze prozesuari ekiteko deia
Egoera honetan, administrazio publikoak egun indarrean dituen politikak birplanteatzea eskatzen dute herritar taldeok. Kutsaduraren deseskalatze prozesuari ekitea. Eta abiapuntu gisa, Zubietako erraustegia geratzea, Bizkaiko Petronorren itxiera eta desegitea eta Gueñeseko Biomasa erretzeko jarduera etetea exijitzen dute. Horrekin batera, osasuna eta ingurumena lehenetsiko duen gizarte elkarrizketarako bidea jorratzen hastea nahi dute, "hondakinen kudeaketa publiko eta jasangarriaren alde egingo duena erabakimenez, eta era berean trantsizio energetikoaren alde, interes ekonomiko pribatuen aurretik. Osasuna lehen tokian jartzeko ordua da".

Zergatik apirilaren 26an?
Sirena hotsak pizteko deia egin dute herritar taldeok igandean, apirilaren 26an, eguerdiko 12:00etan. Gernikako bonbardaketaren eta Chernobylgo istripu nuklearraren urtemuga egunean hain zuzen. "Egun horretan joarazi ziren hegazkinen aurkako sirenak Gernikako eta inguruko beste herri batzuetan egindako bonbardaketengatik. Era berean, apirilaren 26an izan zen, baina 1986an, Chernobylgo zentral nuklearrean istripua ere, Europa guztian barrena laino erradiaktiboa zabaldu zuena", gogorarazi dute herritar taldeok.

Urteurren hauei buruz eta iganderako egin duten deialdiaren berri jasotzen duen albiste honi atxikitako bideoa zabaldu dute. "Bideoak gertakari horiek aipatzen ditu guztiok erne jarri eta kontura gaitezen pandemia isila bezain hilgarria ari garela pairatzen: kutsadura hain zuzen, deitzaileek salatzen dituzten jarduerek airera igortzen dituzten dioxina, metal astun eta partikula fin eta partikula nanoek eragindakoa, Gueñeseko biomasa plantak, Donostiako erraustegiak, Muskizeko birfindegiak eta halaber, Zaldibar bezalako zabortegiek".