Zubietako erraustegia

2. erronka: "Online poteoa"

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 25a, 10:41

"Etxealditik Euskaraldira" ekimen zikloko bigarren eguna larunbat hau. Atzokoan, etxean jolasteko gonbita luzatu ziguten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldeak. Gaurkoan, "online poteoa" egitea proposatzen digute. Euskaraz noski. Geure hizkuntza ohiturez hausnartu eta euskararen erabilera sustatzera dator "Etxealditik Euskaraldira" ekimena.

"Etxealditik Euskaraldira" zikloaren baitan, hemen larunbat honetarako luzatu diguten gonbita:

Sara Saizar, Euskaraldia Zumaia-Getaria
Oraintxe irakurri dut Etxealditik Euskaraldirako gaurko proposamena. Gaurkoa online poteoa izango da.
Etxetik lanean ari garen honetan, tresna pila bat erabiltzen ikasi ditugu. Horiek, lanerako ez ezik, gaur, lagunekin trago bat hartzeko ere erabiliko ditut. Oraintxe idatziko diet Garbiñe, Goiatz, Iñaki eta Manueli eta elkarrekin hartuko dugu gaurko aperitiboa. Gaurkoa, beraz, birtuala izango da eta, batez ere, euskaraz. Animatu zuek ere zuen lagunekin trago bat hartzera edo pintxo pote bat euskaraz egitera!"

Lehen erronkako bideoak
Etxekoekin jolastera gonbidatzen gintuzten atzokoan eta bizitako esperientziak gainerakoekin partekatzera. Euskaraldia Usurbilek ondoko bi bideo jaso eta plazaratu zituen. 

Proposamen bat egunero
Ostiral honetan Euskal Herri osora hedatu den ekimenarekin bat egin du Usurbilek ere. Bi helburu bete nahi dira; "etxekoekin eta etxetik ditugun hizkuntza-ohituren gainean pentsaraztea; eta euskararen erabilera sustatzea, horretarako bitartekoak eskainiz". Azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldirako entrenamendu gisa planteatzen dute ariketa hau. 

Guztia prest izateko taula bat osatzea proposatzen digute, egunotan ditugun harremanekin, eta harremanotan baliatzen dugun hizkuntza adieraziz. Gure hizkuntza ohiturak egunez egun eta norekin ditugun zehaztuko duen taula bat osatzea alegia. Diagnosi moduko bat marraztuko dugu hartara. Etxeko balkoi eta leihoetan puntu koloretsu bat jartzera animatzen gaituzte, "Etxealditik Euskaraldira" ekimenean parte hartzera goazela adierazteko. Eta adi, apirilaren 24tik 30era, egunero bideo bidez, ditugun hizkuntza ohiturak finkatzen edo aldatzen eragiteko proposamenak jasoko ditugu.


"Etxealditik Euskaraldira"
Iraupena: apirilak 24-apirilak 30.
Egutegia:
-Apirilak 24-30: hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketak. Egunerokotasunean oinarrituriko zazpi ideia-proposamen, egunero bat.
Informazio gehiagorako:
usurbil.euskaraldia.eus
Facebook: Euskaraldia Usurbil
Twitter: @EuskaraldiaUsur
Instagram: @euskaraldiausurbil