J.L. Zumeta zendu da

Zumetari eskaintzeko loreak, herriko saltokietan eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 25a, 11:09

Aizpurua okindegi ataria. Irudia: Usurbilgo Udala.

Jose Luis Zumeta omentzen segitzen du Usurbilgo herriak. Usurbilgo Udalak eta hainbat herritarrek abiarazitako ekimena dugu honakoa. Frontoiko Zumetaren muralaren oinean herria egiten ari zaion eskaintzarako loreak eskuragarri jarri dituzte dendetan.

Zendu berria den Jose Luis Zumeta omentzen segitzeko eguna dugu larunbat hau ere. Herri sortzaile eta solidarioa dugun beste adierazleetako bat. Une zailetan ere erantzuteko duen gaitasuna. Usurbilgo Udalak eta hainbat herritarrek, Zumetari eskaintzeko loreak eskuragarri jarri dituzte herriko dendetan. "KoLOREAK Zumetari, zurea eskaini" aldarripean, saltokion atarietan eskura dezakezu zure lorea zendu berri den sortzaileari eskaintzeko.

Dakizuenez, ostiralaz geroztik, herri erdigunean dugun Zumetaren artelan handiaren oina, frontoi atzealdeko, Mikel Laboa plazako muralaren oina alegia, egilea omentzeko gunean bilakatu da. Usurbilgo Udaleko udalbatza osatzen duten hiru talde politikoetako ordezkariek bertan egin zioten ostiralean, lehen omenaldia. 

Oroimen liburua
Konfinamendu egoera honetara egokituriko liburu zuri bat ireki du Udalak, herritarrek bere mezuak helarazi ditzaten, bere garaian, Joxan Artze edota Mikel Laboa hil zirenean egin zuen moduan. Herritarrek nahi duten formatua baliatuta, Udalari mezuak helaraztea galdegin dute, asteburu honetan bertan; "argazkiak, testuak, marrazkiak, bideoak... edozer izan daiteke". Mezuok gero bideo batean argitaratu asmo dituzte hurrengo egunotan. Mezuok bideotatik helarazi daitezke:
komunikazioa@usurbil.eus
688 602 207 (WhatsApp bidez)

Aurrera begira, bizi dugun konfinamendu egoera aldatzen denean eta baldintzek ahalbidetzen dutenean, Jose Luis Zumetari herri omenaldi handiagoa egingo zaiola iragarri du Usurbilgo Udalak.