Koronabirusa

Maiatzaren 2tik aurrera ariketa fisikoa egiteko edota paseatzeko aukera izan dezakegu

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 25a, 20:49

Beti ere, epidemiaren eboluzioak onera egiten badu. Xehetasunak egunotan emango ditu iragarpena egin berri duen Espainiako Gobernuak. Gogoan izan halere, maiatzaren 10era arte gutxienez orain arteko konfinamenduak indarrean segiko du. Hortik aurrera, maiatzean zehar, deseskalatze prozesua abiatzeko asmoa agertu du Espainiako Gobernuak. Deseskalatze plana asteartean onartu eta aurkeztu asmo dute.

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek larunbat iluntze honetan agerraldi bidez aurreratu duenez, epidemiaren eboluzioak positiboa izaten segitzen badu, maiatzaren 2tik, hau da, datorren larunbatetik aurrera, "ariketa fisikoa" egiteko aukera izango da etxetik kanpo, beti ere bakarka edota etxekoekin. Espainiako Gobernuko presidenteak azpimarratu duenez, "epidemiaren eboluzioa orain arte bezala, positiboa baldin bada". Osasun Ministroak maiatzaren 2an eman daitekeen urrats berri horri buruzko xehetasunak eskainiko ditu.

Gogoan izan halere, indarrean izango dela asteburu honetatik eta bi astez, maiatzaren 10era arte, alarma egoeraren luzapen berria. Honenbestez, hilaren 10era arte, indarrean segiko du konfinamenduak orain artean bezala. Bihar, 14 urtez azpiko haur eta gaztetxoek ordubetez, bizilekutik kilometro bateko eremuan, eta heldu batek lagunduta jolastu, paseatu nahiz ariketa fisikoa egitera irten ahalko dira. Beti ere, orain arteko prebentzio neurri guztiak hartuta.

Urrats hau emateko une honetako egoera zein den azpimarratu nahi izan du Espainiako presidenteak; egunero sendatutako kopuruak diagnostikaturiko kasuen kopurua gainditu duenean.

Trantsizioaren hasiera maiatzean: pixkanakakoa, asimetrikoa eta koordinatua
Data zehatzik ez du finkatu oraindik, baina deseskalatze prozesua maiatzean abiatu asmo du Espainiako Gobernuak. Igande honetan autonomia erkidegoetako presidenteekin bilduko da Sanchez. Asteartean Ministroen Kontseilua onartzekoa da duela hiru astetik lantzen ari diren "deseskalatze plana" eta plan hori egun berean aurkeztekoak dira.

 Hiru ezaugarri beteko ditu prozesu honek: pixkanakakoa, asimetrikoa eta prozesu koordinatua izango da. Pixkanakakoa, jarduera guztiak aldi berean ez direlako martxan jarriko berriz, ezta mugikortasuna ere, etapaka baizik. "Baldintzak eta mugak aldatzen joango dira", egoeraren arabera.

Prozesu asimetrikoa izango da, "lurraldearen araberakoa". Desberdin hedatu da epidemia udalerri edota lurraldeetan. "Pandemiak ez du kolpatu intentsitate berdinarekin", zioen Sanchezek. "Normaltasun berrirako" bidea ere honenbestez, ezberdina izango da tokiaren arabera.

Tokian tokiko abiadura, erritmoa ezberdina izan arren ordea, "arau berdinak" aplikatuko direla iragarri du Espainiako Gobernuko presidenteak. Agintaritza bakarrak kudeatuko du; hartu beharreko erabakietan azken hitza Madrilek izango du. Eta ahalik eta koordinazio maila altuenean gauzatuko dira. Markagailu batzuk finkatuko omen dituzte, irizpide kuantitatibo eta kualitatiboak, herritarrentzat eskuragarri izango den informazioa. Laburbilduz esan duenez, "deseskalatze prozesua ez dugu abiadura berean jorratuko, baina bai arau berdinekin". 

"Ez dago bideorri definiturik"
Pauso berriak eman aurretik, aurreko urratsak ondo finkatu ostean izango da, taldean. Zuhurtzia handienarekin eta "denon ahaleginarekin", batera nabarmendu duenez. Adituen aholkuei segita eta Munduko Osasun Erakundeak finkaturikoa beteta: osasun sistema indartuta, epidemiari buruzko informazio zehatz eta eguneratua izanda, kutsadura iturriak identifikatuta eta babes, higiene eta distantzia neurriak errespetatuta. Baita beste herrialdeekin esperientziak elkar trukatuta ere. 

Txertoa edo erremedio teraupetikoa hilabeteetan oraindik ez dugula izango ziurtatu du Sanchezek, "hilabete gutxitan izatea espero dugu". Horregatik, une horretara heltzeko bidea arriskuz betea egongo dela ziurtatu du. "Ez dago bideorri definitua. Ez dago ziurtasun absolutua, nola jorratu deseskalatze bidea", ezezaguna den errealitate bati aurre egin beharrean aurkituko gara presidentearen esanetan. Zuhurtziaz jokatzeko deia egin du, elkarrekiko dependienteak garela ohartarazita. Sendatutakoen kopuruak diagnostikatu berrien kopurua gainditzea, "lehen garaipen partziala" baino ez dela gogorarazi du. Orain artekoa, herritarrek eskatutakoa bete dutelako izan dela, ahalegin kolektiboaren emaitza.